Odiseo deritzon gudari baten erretratua

Eskultura hau Jorge Oteizak egindako kutxa hustu famatu horietako bat da. Donostiako San Telmo museoan dagoen antzeko pieza baten bigarren fasea eta osagarria da. Tamainaz, eskultoreak ordura arte egindako lanak baino askoz ere handiagoa da. Obrak 1.500 kg inguru pisatzen du eta omenaldia egiten dio Odiseo euskal gudariari. Odiseo berez grekoa da, baina, euskal ehiztari protohistorikoaren espirituarekin bat eginez, euskal gudari batekin identifikatzen du Oteizak. Obra eskultoriko abstraktua da, eta karga sinboliko handia dauka, egilearentzat. Beltz koloreko altzairu-xaflek osatzen dute, angelu zuzenetan antolatuta, barnean espazio hutsak utzirik. Xafla batzuk itxita daude eta opakuak dira. Beste batzuk, baina, irekiak dira, baoekin, eta hortik obraren barnealdea ikusten ahal da. Piezak Oteizak bizitza osoan zehar izan zuen kexka islatzen du: espazioaren desokupazioa, hutsaren esanahia. Oteizak honela zehazten zituen kutxa hustu hauek: egundoko espazio itxiak, prisma zuzenak, bao geometriko zuzenak, intenporalak, labirinto-tranpak. 1957. urte inguruan hasi zen egilea tankera horretako plastika-ildotik ikertzen. Izan ere, Sao Paulon aurkeztu zituen burdinazko xafletan egindako Eraikuntza Hustuen serie bat. Obren izenburuek ideia bat ematen ahal digute Oteizaren planteamendu teorikoari buruz: espazioaren desokupazio aktiboa, eraikuntza hustua, elkarren segidako hustuketak, etab. Kutxa hustuak kubo hustuak dira, burdinazko xafletako planoetan egindako irekidurek sortzen dituzten barianteetan irudikaturik. Artikulazio bakunenetan, bi triedrok elkar hartuta, kutxa metafisikoak sortzen dituzte. Nolanahi ere, 1958-1959 inguruan buru eman zion Oteizak espazioa desokupatzeko prozesu esperimentalari. Odiseo artelana 1975. urtean egin zuen Oteizak, eta horretarako lehen egindako pieza bat hartu zuen abaipuntutzat: Esperimentazio-ondorioa 3 serieko Omenaldia Mallarmeri, 1958. urtekoa. Odiseo 1992ko urriaren 23an instalatu zuten Ziudadelan. Hura izan zen Iruñean jarri zuten Oteizaren lehen eskultura publikoa. Hasiera batean, obra hau Madrilgo Reina Sofía Arte Zentroko Museo Nazionalean instalatzekoa zen. Baina 1991. urtean Nafarroako Museoan paratu zuten, eta hurrengo urtean, une honetan kokapen duen Iruñeko Ziudadelara aldatu zuten, behin Sevillako 1992ko Erakusketa Unibertsaleko Nafarroako pabiloian erakusgai izan eta gero. Jatorrizko pieza, tamaina txikian, Altzuzako Museo Fundazioan gordetzen da.

José María Muruzabal