Clemente Ochoa, Manuel

Manuel Clemente Ochoa, Cascante, 1937. Eskultore, pintore eta grabadore honek Arte Ederretako ikasketak egin zituen Bartzelonako San Jorge Eskolan (1957-1961), Zaragozan Magisteritzako eta Arte eta Lanbideetako ikasketak 1957an bukatu eta gero. Irakaskuntza Ertainetako marrazketa-katedra eskuratu zuen 1962an, eta Unibertsitate Eskolakoa La Lagunan (Kanariar Uharteak, 1963-1968) eta Bartzelonan (1968). Adierazpen bisual eta plastikoko katedraduna izan da Bartzelonako Unibertsitate Zentralean. Bere prestakuntzan garrantzia izan zuten Marés eta Labarta irakasleen irakaspenek Bartzelonan; gainera, autodidakta etengabea izan zen, eta horretan lagungarria izan zitzaion Espainia, Frantzia eta Italiako museoak ongi ezagutzea, non klasikoen herentzia aztertu baitzuen, eta bat egin zuen abstrakzioaren eskultoreekin (J. González, Picasso, Moore, Oteiza, Chillida, Serrano) edo bizi-adierazpenaren beste artista batzuekin (El Greco, Michelangelo, Goya, Van Gogh). Bere eskulturak museo askotan daude. Hona hemen: Lanzaroteko Arte Modernokoa, Villafamésko Arte Garaikidekoa (Castelló), Zaragozako Arte Ederretakoa eta Nafarroakoa; Frantzian, Venceko Udal Museoa; Italian, Limone Piamonteko Udal Museoa; Argentinan, Nonoko Rocsen Museoa eta Andorrako Printzerrian, Museo d”Encamp. Erakusketa nagusiak: Puerto la Cruzko Ikaskuntza Hispanikoen Institutuan (Tenerife, 1965), Iruñeko Ziudadelan -Antologikoa (1985)-, Bartzelonako Unibertsitatean (1989) eta Yokohamako Royal Riverren (Japonia). Taldekako erakusketak Europan, Amerikan eta Asian. Sari eta aipamen nagusiak: San Marcos Nazioarteko Akademiako Merezimenduzko Kidea (Italia), Arte Kritikarien Elkarteko Ohorezko Aipamena (Miami. AEB), Ville de Vence Saria (Antibes, Frantzia), San Marcos Akademiako Artea eta Kultura Nazioarteko Saria (Italia), Urrezko Atenea 1978 (Turin. Italia) eta Targa Europa 1980 (Erroma).
FJZC
Informazio-iturriak:
Artista bera. AGUIRRE BAZTAN, A. Clemente Ochoa, escultor. Unibertsitate Sustapen eta Argitalpenak, Bartzelona, 1990 (José Luis Arangurenen sarrera); GIRALT-MIRACLE, D. La dimensión expresiva de la escultura de Clemente Ochoa, in Clemente Ochoa, Iruña, Nafarroako Museoa, 1993; ZUBIAUR CARREÑO, F.J., Clemente Ochoa desde una perspectiva múltiple, Clemente Ochoa katalogoa, Iruña, Nafarroako Kutxa, 2004.
http://clementeochoa.com