Atleta greziarra

Uharteko Pablo Juarros artistak korten altzairuaz egindako lan abstraktua dugu eskultura hau. Irteera egin baino lehen atletak erakusten dituen indarra eta tentsioa irudikatzen ditu. Obra lurrean paratutako burdinazko xafla bakun batean bermatzen da. Eskulturaren formak estilizatuak eta eskematikoak dira oso, eta ihes egiten dute erreferentzia anatomiko hutsetatik. Formaz bezainbatean, soil askoa da erabilitako konposizioa. Pablo Juarrosek Patxi Buldainen lantegian hasi zuen bere prestakuntza, eta gero, Donostiako Artelekura joan zen. Artista artegatsua da, beti zerbaiten bila dabilena. Arte-ekoizpena beste lan mota batzuekin partekatu behar izan du. Bere lanetan forma ez zurrunak bilatzen ditu, kurbari lehentasuna ematen diotenak, betiere haietan barna zirkulatzera eta espazioetan sartzera gonbidatzen dituzten forma izurtuak bilatuz. Mugimendua, eskulturaren baitako dinamismoa, horra artistaren obsesio nagusia. Juarrosen Atleta greziarra obrak eskulturako lehen saria lortu zuen Iruñeko Udalak 1991. urtean, 1992ko kirol-gertakarien markoan (Bartzelonako Olinpiadak) deitutako Kirola arteetan lehiaketan. Pintura eta eskultura arloetan irabazle suertatu ziren obrak Iruñeko Udalak erosi zituen, bere bilduman eransteko. Eskultura Ziudadelako lorategietan paratu zuten.

José María Muruzabal