Joan Paulo II.aren monumentua

Estatua brontzez egina da, hiru metroko garaiera du eta 975 kiloko pisua. Estilo klasizistako irudi figuratiboa da eta Monjardín mendiaren kalearen eta Joan Paulo II.aren etorbidearen arteko errotondan dago, Tenis Klubaren ondoan. Kokapena Iruñeko Udalak aukeratu zuen, Torun hiriarekiko kultur lankidetzaren barruan. Brontzezko eskultura, Iruñeko Artzapezpikutzak Joan Paulo II.aren omenez sustatua. 2005eko apirilaren 2an hil zen eta hura izan zen Nafarroa bisitatu zuen lehen aita santua, 1982ko azaroaren 6an. Ekimena Poloniako Torun hiritik abiatu zen. Hiri hori Europako Kultur Hiriburua izateko hautagaitza berean egon zen Iruñearekin batera; horregatik, bi hirien arteko harremanak sakondu eta, bi udalen artean, kultur trukaketarako hainbat proiektu egin ziren. Horrela, Torungo Udalak lurzati bat lagatzeko eskatu zion Iruñekoari, bertan jartzeko jatorriz poloniarra zen aita santu horren omenez Torunen dagoen estatuaren antzeko irudi bat. Iruñeko eta Torungo artzapezpikutzek eskariarekin bat egin zuten. Eskultura Stanislaw Radwanski poloniarrak egin zuen, Gdanskeko (Polonia) Arte Ederretako Akademiako irakasle izandakoak, artista horrek berak jatorrizko maketa egin baitzuen Torunen kokaturiko estatuarako. Artistak Iruñeko erreplika egiteko egile-eskubideak laga zituen, eta Iruñeko Udalak, lurzoru publikoa. Udal-taldeen artean gaia eztabaidatu ondoren, proposamena onetsi egin zen, UPN eta PP taldeen botoei esker. Elizbarrutiak bere gain hartu zuen eskultura egiteko kostua, eta gastuak fededunen dohaintzen bidez estali zituen. Estatua inauguratzeko ekitaldia 2010eko urriaren 17an egin zen. 300en bat lagun elkartu ziren, eta Iruñeko artzapezpiku eta Tuterako apezpiku Francisco Pérezek eta Torungo apezpiku Andrzej Suskik irudia bedeinkatu zuten. Ospakizuna Iruñeko Apaizgaitegiko kapera nagusian hasi zen, eguerdiko hamabietan, artzapezpikuak emandako meza santu batekin. Ondotik, apaizgaitegitik, bertaratutakoak Monjardín mendiaren errotondaraino joan ziren, estatua inauguratzeko. Bertan egin zen inaugurazio-ekitaldi ofizialean honako hauek parte hartu zuten: Francisco Pérez artzapezpikua, Yolanda Barcina Iruñeko alkatea, Zbigniew Fiderewicz Torungo alkateordea, Andrzej Suski Torungo apezpikua eta Stanislaw Radwanski eskulturagilea. Gero, Portamus Gaudium abesbatza -ekitaldira Poloniako Torun hiritik berariaz etorria- eta Pablo Sarasate Iruñeko kontserbatorioko orkestra aritu ziren.

Iruñeko Udala