Ikaro

Ikaro izenburua duen Dora Salazarren eskultura honek greziar mitologiako pertsonaia hori irudikatzen du. Jakina denez, Ikarok Kretako bere labirintotik ihes egin zuen kumaz eta argizariz egindako hegalak baliatuta, baina, ihesean, Egeo itsasora erori zen, Eguzkiak argizaria urtu baitzuen. Giza irudi bat irudikatzen du, hegalduna, eta hegan egiten; kobrezko hariz egina dago, eta hamar kilo inguru pisatzen du. Oso konposizio arina du, dinamismo eta bizkortasun handikoa, eta Altsasuko egileak duen gaitasun plastikoa eta diseinukoa erakusteko eredu argia da. Gainera, obrak betetzen duen espazioan oso ongi kokatuta dago, eraikinaren sabaitik zintzilik, eta goiko partetik jasotzen den argitasuna aprobetxatuz. Dora Salazarri metalekin lan egitea gustatzen zaio. Bere hasiera estetikoetan, birziklatutako materialak erabiltzen zituen bere obretan, besteak beste, bizikletak, altzariak, etab. Geroago, tamaina handiko eskulturak egin izan ditu, horretarako bata bestearekin elkarri lotzen zaizkion metalezko xafla handiak erabiliz. Lan horien eredu argiak Bestiario izeneko lanak ditugu, Iruñeko Munduko parkean paratuta daudenak.

José María Muruzábal