Teobaldo erregea

Egileak ez du erreferentzia zehatzik ematen zein erregeri buruz ari den argitzeko; izan ere, Frantziako Champagne leinuko bi erregek, bata bestearen ondoren, izan zuten izen hori bera: Teobaldo I.a (1234 - 1253), errege trobalaria, eta haren seme eta ondorengoa, Teobaldo II.a (1253 - 1270), Frantziako San Luis aitaginarrebarekin gurutzadetan parte hartzeagatik ezagun egin zena. Obra hau kontzeptu figuratibo batetik abiatzen da, baina, azkenean, figurazioa eta abstrakzioa bereizten dituen mugan ibiltzen da. Obrako irudi figuratiboak agerikoak dira: bi zango, beso bat eta eskua, buru baten forma bat... Baina, hortik aurrera, erreferentziak galdu egiten dira, eta, esate baterako, obrak ez du gorputz-enborrik, horren ordez espazio huts handi bat baitu, trazu eskematikoak ditu, metalez egindakoa da eta buru gisa errekarri bat dauka. Interes handiko exekuzio artistikoko obra baten aurrean gaude, modernitate plastiko handia eta espazioen eta hutsuneen arteko joko ederra biltzen dituena, indar handiko formen biluzi batekin kontraste eginez. Eskultura honek agerian uzten du, argi eta garbi, egileak jaso zuen prestakuntza humanistiko eta klasizista, nahiz eta formek kontzeptu ezberdinetarantz bilakatzen diren, esate baterako, abstrakziorantz eta surrealismorantz, Brancusi eta Arp-en eraginekin. Eskultura erabat kontzeptuala da, kontraste handikoa, masa eta espazioekin, burdina eta harriarekin, elementu natural eta irrealekin.

José María Muruzábal