Sáenz de Oizari omenaldia. Espazioaren banaketa, bi diedroren aurkaritzaz.

Jorge Oteizaren pieza monumental hau Nafarroako Unibertsitate Publikoko campusean paratutako lehendabiziko obra eskultorikoa izan zen. Egitura sinplea du, metalezko oinarri batekin eta hiru pieza bertikalekin. Pieza guztiak plano eta jarrera ezberdinetan daude. Eskulturaren gainontzeko parteak hutsak osatzen ditu, hau da, Oteizak bere karrera eskultoriko emankorrean horrenbeste obsesionatu zuen gaia. Obra Francisco Javier Sáenz de Oizari (Kaseda, 1918 - Madril, 2000) egindako omenaldia da. Izan ere, Sáenz de Oiza Arantzazuko Andre Mariaren Santutegiaren eskultore eta diseinatzaile izandako Jorge Oteizaren laguna izan zen (Arantzazun utzi zuen Oteizak bere obrarik hilezinentzat hartzen ahal den obra). Arkitekto horrek berak diseinatu zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoko eraikinak eta campusa, bai eta, hil osteko obra gisa, Altzuzako Jorge Oteiza Museo Fundazioaren eraikin bikaina ere. Hezkuntza erakunde horretako campusean paratutako Jorge Oteizaren eskultura honek 1959an egindako maketa txiki bat du oinarri. Maketak Bi diedroren aurkaritza zuen izenburu. Kutxa hutsen “ezerez aktibora” iritsi ondoren, orain erronka banatzea da, kutxa are gehiago irekitzea. Espazioaren hustutzearen amaierako emaitza oinarri batek eta egitura bertikal edota zeihar gutxi batzuek osatzen dute. Pieza honen originala Jorge Oteiza Fundazioaren Museoan dago, Altzuzan, eta 1959ekoa da.

José María Muruzábal