Zeru-sustraiak

Ricardo Ugarte euskal artista bikainaren altzairuzko eskultura honek oin bertikal bat dauka, eta hortik jarrera ezberdinetan lotutako kubo multzo bat ateratzen da, betiere abstrakzio geometrikoaz baliaturik. Obra lurrean den xafla bakun batean bermatzen da. Bertikalitate-zentzu nabaria dauka, lurretik bertatik atera eta gorantza altxatzen den obra batena. Oin bertikala metalezko forma irregular multzo batek zein harekin jolasean ari diren forma kapritxodunen espazioek osatzen dute. Oin horren goiko aldetik osatu gabeko hainbat kubo-lerro ateratzen dira, zuhaitz bateko adar batzuk nola.Sinbolismoz beterik egon ohi den Ricardo Ugarteren eskultura-lanak gorputz-geometriko gisara ikusten du irudikatutako objektua. Artista eskulturak berak sortutako espazioekin jolasten da, halakoak ezen aldi berean kanporantz zabaltzen baitira. Atari zabaleko obretan Ugartek oso kontuan hartzen ditu materia- zein forma-egituretatik kanpoko faktoreak, hala nola inguruko argia, atmosfera eta koloretasuna. Izan ere, modu batera edo bestera eragiten dute alderdi horiek estetika-jokamoldean. Ziudadelan instalatu zen obra Ugarteren etapa batekoa da, halakoa ezen egileak landare-formetara eta forma dinamikoetara modu agerikoagoan hurbiltzeko proposamena egiten baitu. Hilabete gutxian «pisatzen duten formetatik» «hegaz egiten dutenetara» pasatua zen Ugarte. Zuzenki deitu diete «burdinazko eta haizezko eskulturak». Hona Ugarteren ezaugarririk nabarmenak: iruditik aldendu egiten da eta fidela zaio, betiere, burdinari, bere arte-adierazpenak gauzatzeko tresna ordezkaezintzat baitu. 1979. urtean, Ziudadelan egin zuen erakusketarekin batera, eskultura hau lorategietan paratu zuen Ugartek. Zeru-sustraiak lanak espazio bat bete izan zuen parkean, eta bertan gelditu zen.

José María Muruzabal