Foruen monumentua

Sarasate pasealekuaren ekialdeko muturrean Foruen monumentua altxatzen da: egitura bat, bi gorputzetan antolatua, tenplete kubikoaren formarekin, altuera handiko idulki baten gainean, eta, egituraren gainean, zutabe bat, zeini emakumezko irudi batek -brontzezko moldaketak- buru ematen dion. Tafallako harriez egindako oinarri pentagonalak bost harmailadi ditu, eta haien artean, pilareetan bermatuta, Nafarroako armarria sinbolizatzen duten kateak esekita daude. Oinarri horren gainean monumentuaren lehen atala datza, Almandotzeko harriarekin egina. Atal horren bost aldeetan grabaturik daude, brontzezko xafletan, Nafarroako askatasunak aipatzen dituzten inskripzioak, hiru, erromantzez idatzitakoak, laugarrena, euskaraz, eta azkena, euskaraz ere, baina iberiarrak omen diren karaktere ulergaitzetan. Gorputz pentagonal horren angeluetan, zutabeen kapitelen gainean, Angulemako harriarekin zizelkatutako bost estatua eseri daude, beste horrenbeste alegoria sinbolizatzen dituztenak: Historia, Justizia, Autonomia, Bakea eta Lana. Alegoria bakoitzak bere ikurrak daramatza.Historia Clio musaren personifikazioa da, jakinduriaren eta kulturaren ikur gisara. Justizia eskuetan ezpata bat duen emakume baten bidez irudikatu da. Autonomia edo autogobernua lema bati eusten dion aingeru hegalduna da. Bakea emakume batek irudikatzen du, olibondoko adar batekin eta bularraren kontra martin arrantzale bat estutzen duela. Izan ere, txori txiki hori zeukaten antzinakoek bakearen eta lasaitasunaren ikur, kabia egiten jarduten zuen egunetan desagertu egiten baitziren, guztiz, haizeteak eta erauntsiak. Bukatzeko, Lana errementari batek irudikatzen du, altzairuzko ingude baten gainean jarrita dagoen mazo bat eskuan duela. Lehen gorputz horren gainean bigarrena altxatzen da. Hori ere pentagonala da, harri txurian landua, eta Aizkorbeko marmol gorriko zutabetxoak ditu. Azkenik, buru emanik brontzezko kapitelak dituzte zutabetxoek. Aldeetan armarri batzuk dituzte: Nafarroakoa eta Iruñekoa -azpian Kristoren eta erlijio kristauaren ikurra den krismoia dutelarik- eta Nafarroako Erresumako gainerako merindade historikoen armarriak: Tutera, Erriberri, Zangoza eta Lizarrakoa. Merindadeen armarri handien azpian eta monumentoaren perimetroan, hogei armarri heraldiko daude, Nafarroako beste horrenbeste hiribildu eta herritakoak.Bigarren gorputzaren gainean marmol gorriko zutabe bat altxatzen da, kapitel txuria duena, eta haren fustean brontzezko pieza kurbo bat itsatsi diote, non monumentuaren eraikitze-data agertzen baita: 1903. urtea. Eskultura-multzoari brontzezko estatua monumental batek ematen dio buru: Nafarroaren alegoria bat, modu klasikoan jantzitako emagin garaile baten gisara irudikaturik, Nafarroako erresumaren ikurra den errege-koroa bat kopetan daramala. Aitzina begiratzen du keinu irmo eta ausart batez. Gerriko zorroan ezpata bat darama, eta eskuineko eskuan, Nafarroako armarriaren kateen puska bat, irabazitako askatasunaren ikur gisara. Ezker eskuan, pergamino bat dauka, erdi bildua, eta horretatik esekita, argizarizko zigilu bat, Foru Legea hitzekin. Emaginaren oinetan, bazter batean, almohadeen armarri bat eta durbante bat daude, Antso Azkarra errege nafarrak Navas de Tolosako batailan lortu zuen garaipena gogoan. Foruen monumentuaren eduki eskultorikoa eta sinbolikoa osatzeko, hainbat osagai daude, besteak beste, huntz- eta akanto-ostoak, hainbat landare, ekilorea, artea eta haritza kasu, animalia batzuk, konparaziora, igela, untza, lehoia eta zikoina, forma geometrikoak, esfera esaterako, eta izaki alegiazkoak, basiliskoa eta grifoa, kasu. Iruñeko Foruen monumentuaren planteamenduak, formaz bezainbatean, zerikusia dauka bere izaera sinbolikoarekin: izan ere, Nafarroako erresuma zaharraren foruak defendatu eta aldarrikatzen ditu, eta bost zenbakia etengabe ageri zaigu merindadeen kopurua gogoraraziz. Sinbologia horretan lagungarri suertatzen dira hala oinarri pentagonala eta bost eskalinatak nola pentagono bana osatzen duten bi gorputzak, angeluak indartzeko bost zutabe dituztenak. Ez da kasualitatea, ezta ere, monumentuari buru ematen dion eskultura 5,5 metro luze izatea eta 5.000 kilo pisatzea. Bestalde, lehen gorputzaren angeluak zedarritzen dituzten bost irudi alegorikoek 1893. urtean foruen alde egindako maanifestazioan parte hartu zuten nafarrek kosta ahala kosta aldarrikatu eta defendatu nahi zituzten baloreak ordezkatzen dituzte. 1903. urtean Sarasate pasealekuan altxatutako monumentu honek nafarrek haien eskubideak defendatzeko izan zuten erreakzioa sinbolizatzen du, Germán Gamazo orduko Ogasun ministroak hamar urte lehenago foruen kontra aurkeztutako proiektua dela bide, uste baitzuten proiektuak kalte egiten ziola 1841ean Lege Hitzartuan Nafarroari aitortu zioten autonomia fiskalari. Foruen defentsarako deiak izan zuen ohiartzun zabala ikusita, orokor bihurtu zen jendearen artean hurrengo belaunaldiei nafarren ahobatezko gogoa gogoratuko zien elementuren bat sustatzeko ideia. Horiek horrela, dirua lortzeko herri-harpidetza abiarazi zuten, gutxienez 25 zentimoko kuota eta gehienez 25 pesetakoa ezarriz. 1893. urtean bertan, mendeen arteko Iruñeko arkitekturaren adierazgarri nagusietakoa zen Manuel Martínez de Ubagok aurkeztutako proiektua hautatu zuten. Nahiz eta hasiera batean Konstituzio plazan -egungo Gazteluko plazan- kokatzekoa zen, azkenik orduko Valencia pasealekuaren ekialdeko muturrean, Diputazioko jauregi aurrean, paratzea erabaki zen. Bitxikeria historiko gisa, aipatzekoa da brontzezko emaginaren irudian Rosa Oteiza Armona, San Anton kaleko ruindarra, betikotu zutela. Rosa emakume neurrizkoa eta bere independentziaren zalea zen, eta harreman sentimentala izan zuen José Martínez de Ubagorekin berarekin. Harritzekoa bada ere, Foruen monumentua ez zen inauguratu eraiki eta gero, nahiz eta xede horretarako oroitzapenezko txanponak ere egin ziren. 1909ko martxoan, Echave-Susaeta alkateorde jaunak monumentua Gazteluko plazako erdigune geometrikora aldaraztea proposatu zuen, inaugurazio ofiziala ehenbailehen egiteko, ospakizun hori Sanferminetako festa-programaren baitako ekitaldi gisara programatuz. Ekitaldira Nafarroako udal guztiak gonbidatzekoak ziren. Hala ere, ez zen egin, ez lekualdaketarik ez inauguraziorik.

José Javier Azanza