Sarasate pasealekuko eskultura-multzoa

1734an, Felipe V.ak Madrilgo Errege Jauregia eraikitzeko agindu zuen. Obrak 1738. urtean hasi ziren. Eraikin berria Feijooren dizipulua zen Aita Sarmientoren eskultura-programa batekin apaindu zuten. Sarmientok 1747. urtean aurkeztu zuen bere proposamena, non Espainiako historiaren pertsonairik garrantzitsuenak abiapuntu harturik ikuspegi zabala ematen baitzuen, bertako Historiari buruz. Olivierik zuzendu zituen eskultura-lanak, betiere Antoine Dumandré, Philippe Boiston eta Felipe de Castrok gainbegiratuta. Apaindurazko proiekturako, 94 estatua ez ezik, erliebe-bilduma bat, enperadore erromatarren irudiak eta beste hainbat pieza egin ziren. Hainbat artista frantziar, italiar eta espainiar elkartu ziren lantegian, eskulturak egiteko. Pertsonaia historikoen artean, Nafarroako Erresumaren hainbat errege sartu zituzten, hala nola Antso Nagusia eta Antso Azkarra. Lehendabizikoaren irudia A. Carnicerok egin zuen, eta bigarrenarena, Andrés de los Elguerosek. 1885ean hasi ziren Sarasate pasealekua -Valencia pasealekua, garai hartan- berrurbanizatzeko obrak, Florencio Ansoleaga arkitekto nafarraren proiektuari jarraituz. Nicasio Landak, 1885eko apirilaren 14an, eskutitz baten bidez, Iruñeko alkateari helarazi zion Iturralde y Suit berak ere sustatzen zuen ideia, hau da, Nafarroako sei erregeren irudiak eskuratzekoa, paseoa edertze aldera. Zehatz-mehatz, ondokoak aipatzen zituen: Eneko Gartzia Aritza (770), Alfontso I.a Borrokalaria (1104), Antso VI.a Jakintsua (1150), Antso VII.a Azkarra (1194), Teobaldo I.a Champagnekoa (1234) eta Joana II.a Evreuxekoa (1329).Apirilean, Udalbatzak José Soler Madrila bidaltzea erabaki zuen, Errege Jauregian gordetzen ziren intereseko eskulturen egoera egiazta zitzan. Ondoren, Udalbatzak Erregeari eskaera egitea erabaki zuen. Horiek horrela, apirilaren 18an, eskutitz baten bidez, sei eskulturak eta bi pitxer eskatu zizkioten, Valencia pasealekua apaintze aldera. Pitxerrak izan ezik, gainerakoa onartu zuten. Udalbatzaren nahia, betiere Landa edo Iturralde y Suit neurriko pertsonaiek berretsirik, Nafarroako erregeen irudiak eskuratzea zen. Hala ere, irudiak itsumustuan hartu zituzten errege-biltegitik, zehazki jakin gabe zer eman zitzaien Madrilen eta zer jasotzen zuten Iruñean, bi kasutan izan ezik: Bárbara de Braganza andrearen eta Fernando VI.aren irudiak.1885. urtean izan zen estatuen inaugurazioa, behin Sarasate pasealekuan jarri eta gero. 1956. urtean tokiz aldatu zituzten estatuak, betiere Sarasate pasealekuaren barruan; izan ere, Auzitegira hurbildu eta horra orientatu zituzten. 1972an, lehengo kokalekura itzuli zituzten eta horretan diraute egun. Patronatu Nazionalak, baina, bi eskultura trukatzeko eskatu zion Udalbatzari: Bárbara de Braganzaren eta Fernando VI.aren irudien ordez Nafarroako Felipe III.a eta Gartzia Ramirez Berrezarlea Nafarroako erregeak, nahiz eta nekez zehaztu daitekeen bi pertsonaia horien izenak eta bien ikonografiak bat datozenik.2008. urtean, Iruñeko Udalak hala eskaturik, sei eskulturak garbitu eta lehengoratu zituzten.Sarasate pasealekuan ikusgai dauden sei pertsonaietatik bi baino ez daude identifikatuta errotuluen bidez, zehazki, Nafarroako Felipe III.a eta Gartzia Ramirez Berrezarlea. Seietatik, hiruk armadura jantzita dute eta bik, koroa, edo, hobeto esanda, diadema. Jakin badakigu Sarmientok xedatu zuela Recciario eta Theodomiro errege suebiarrek “koroak baino perlazko diademak eraman behar zituztela, griego ekialdetarren modura”. Ramiro eta Jaime Aragoiko erregeei eta Antso Nagusia eta Antso Azkarra errege nafarrei buruz, ordea, “errege-koroak” eraman behar zituztela esaten zuen. Antso Azkarraren kasuan, gainera, esaten zuen: “armarri bat eraman behar du, Las Navas batailan irabazitako kateekin”. Hala ere, eskulturei erreparatuta, ez dago jakiterik, zehazki, koroa edo diadama daramaten. Hortaz, zaila da seguru esatea aipatu nafar erregeak diren ala ez.

Ignacio Urricelqui