Gurutzea

Constantino Manzana forjaketaren eta metalen artistaren obra da, plazaren erdian, lorategiz inguratutako urmael txiki batean, kokaturik dagoen gurutze erraldoia. Harrizko oinarri batean ainguratuta dagoen gurutzea zutabe batean gora altxatzen da. Zutabe horren fustea, bestalde, apainduraz mukuru da eta haren inguruan herensuge erraldoi baten irudia -gaitzaren sinboloa- kiribiltzen da. Hainbaten aburuz, egileak berak une hartan Gobernuaren presidentea zen Manuel Azañarekin identifikatzen zuen irudi hori. Zutabearen gainean barroko estiloko gurutze ikusgarri bat altxatzen da, handiki. Gurutzearen besoen erdian, alde batetik, Kristoren aurpegia agertzen da, hilzorian zegoela, eta bestetik, nekaldiaren sinbolo batzuk. Constantino Manzanaren obrak apainduraz gainkargatuak egoten dira eta gogora ekartzen dituzte modernismo katalanaren formak, zeinak Bartzelonan izandako prestakuntza aldian ikasiko zituen, seguruenik. Egilea erlijiositate sakoneko pertsona zen egilea, nortasun berezikoa. Estatua honen bidez, Azañak Espainiako bigarren Errepublikan ezarritako lege bati kontra egin zion artistak. Manuel Azañaren gobernuak erlijioaren kontrako politika garatu zuen, eta, hori dela medio, Eliza katolikoa kontra jarri zitzaion. Politika horretan, aipatzekoa da erlijio-sinboloak, gurutzeak barne, kendu beharra ezarri zuen legea. Nafarroan nabarmen egin zitzaion aurre neurri horri. Eskultura, hasieran, Iruñeko Katedralaren Klaustroaren lorategietan jarri zuten, baina katedraleko kabildoak tokiz aldatzeko eskatu zuen. Azkenik, haren izena jasoko zuen plazan paratu zuten.

José María Muruzábal