Abras, Joan

Pintore, eskultore eta zeramikaria, La Bisbal D`Empordà herrian 1949an sortua, Gironako probintzian. Prestakuntzaz artista autodidakta da. Lehen erakusketa, zeramika-lanena, 1973an egin zuen, jaioterrian, buztingintzan tradizio handia daukan bere herrian. Hamarkada hartan, han-hemenka egin zituen erakusketak, hala nola Madrilen, Sant Feliu de Gíxolsen, Bartzelonan, Zaragozan, Perpinyàn, etab.ean, eta eskultura-lanak ere hasi zen ikusgai jartzen. Laurogeiko hamarkadan eskultura landu zuen gehiago. Haren lan bat Palafrugelleko lehen eskultura publikoa izan zen, Empordàko Ninfa izenburukoa, eta Palafrugell Arte galeriaren aurrean kokatua dago. Gainera, erakusketa handi bat jarri zuen Lloret De Mar herriko Kasinoan. 1984an, Palamósko Turismo Ekimenetako Zentroarekin eta Udalarekin adostuta, bere eskultura-proiekturik garrantzitsuena gauzatu zuen: hots, 187 tonako pieza bat, hormigoiz egina, 7 x 5 x 4 metrokoa, Palamós, belaren paradisua izenburukoa. 1989an, MOPUk enkargaturik, 3,5 metroko altuerako eskultura bat egin zuen, Itsasoko Anderea izenburuarekin, Figueresko errepide nagusian kokatua dagoena, Frantzian; eta Iruñean, Tramontana lana jarri zuen.

1992an, Mediterraneoko haize guztiei eskainitako eskultura-bilduma aurkeztu zuen, El Claustro Galerian. 1993an, Bartzelonako Grup d"Art Diagonal Galerian eta Gironan egin zituen erakusketak, eta Magda Alsius eskultura-saria irabazi zuen Palamósko Arte Vila sarien barruan. Hurrengo urtean, Italian barna bidaiatu zuen, eta erakusketak egin zituen Triesten, Venezian eta Erroman. 1996. urtean, Abras Museoa inauguratu zuen Corçà-La Bisbal herrian. 1998an, eskultura handi bat egin zuen, beira-zuntzez eta 4 metroko altuerakoa, FC Barcelona klubaren Masíako lorategietan kokatua dagoena. Lanaren izenburua Garaipena da, eta FC Barcelonako presidente Josep Lluís Núñezek inauguratu zuen. 2002an, erakusketa garrantzitsu bat jarri zuen ikusgai Hagan. Joan Abrasek oso aintzakotzat hartu izan du beti eskultura publikoa. Horrelako lanak hainbat tokitan daude ikusgai, hala nola Palamós, Bartzelona, Pals, Lloret de Mar, Platja d"Aro, Begur, Santa Cristina d"Aro eta beste herri batzuetan. Ereduak beti haren inguru hurbilenetik heldu dira, bai eta artistaren inspiraziotik beretik ere, zeina, batez ere, tradizio mediterraneoan oinarritzen baita.

JMMS

Informazio-iturriak: Artistaren webgunea: www.joanabras.com