Plurieskultorea II

Obra hau, Paco Polán artista iruindarrak egindakoa, bi ibaiertzetan barna zabaltzen diren bi piezek osatzen dute, zaldainarekin paralelo jarritako bi multzo trapezoidal osatuz. Multzo horiek hainbat modulu berdinen sail batek osatzen ditu; moduluok oinarri angeluzuzena dute eta bata bestearekin mihiztatuta daude. Erliebean, baldosa horiek hainbat forma geometriko -elipseak, parabolak, zirkunferentziak eta hiperbolak- irudikatzen dituzte, kurba konikoen biraketaren, traslazioaren edota errotazioaren ondorioz sortutakoak. Elipseak planetek eguzkiaren inguruan egiten dituzten mugimenduak gidatzen dituzten kurbak dira, Antzinarotik astronomiarekin lotu izan direnak. Kurba koniko horiek zeru osoa osatzen dute, eta zeru hori, kasu honetan, Elortz ibaiaren bi aldeetan ikusten ditugun multzo horiek irudikatzen dituzte, ibaiertzetan zeru izartsuaren isla balego bezala. Obra hau abstrakzio geometrikoaren baitan sar dezakegu, forma puru eta akabera perfektuak sartzen baitira horretan. Paco Polán egileak eskultura du oinarri, eta horretan material eta teknika ezberdinen ikerketa egin du bere ibilbidean. Ikerketa horri esker lengoaia kontzeptual eta estetikoaren arteko arte-hizkuntza lortu du, eta horretan ibili da lanean emandako urteotan. Eskulturako material klasikoak erabiltzetik testuingurutik kanpoko eguneroko objektuak erabiltzera igaro da, obejtu horiek kontzeptua eta estetika, prosa eta poesia elkartzen dituen obra baten protagonista bilakatuz. Bestalde, ez du batere zalantzarik eskulturan ohikoak ez diren material arruntak gogoko dituela agerian uzteko; material horiek ehundura, kolorea eta erreferentzia ematen dizkiote oro har ironikoa izaten den barneko mezu bat erakusten duen lan bati. Egile honek plastika eta estetikarekiko ardura erakusten du, betiere bazter utzi gabe oinarri kontzeptual bat, elementuak antolatzeko hurrenkera bat, material eta forma jakin batzuk erabiltzeko arrazoi bat, eta teknika egokiaren aukeraketa bat.

José María Muruzábal