1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Espada Belmonte, Rodrigo

Espada Belmonte, Rodrigo

Rodrigo Espada Belmonte Badajoz hirian sortu zen, 1970eko abuztuaren 2an. Txikitan piztu zitzaion marrazki eta bolumenarekiko zaletasuna; izan ere, mendi-bazterretako lohia erabiltzen zuen jolasteko, eta ikastetxeko eskolei jaramon egin beharrean klerazko tailuak egiten zituen. 1989an hasi zen Sevillako Santa Isabel de Hungría Arte Ederretako fakultatean ikasten. Eskultura espezialitatea aukeratu zuen eta, besteak beste, honako irakasgai hauek ikasi zituen: Modelatua eta Konposizioa, Harri eta Zurezko Tailugintza, Metala, Irudigintza, eta Eskultura Erreprodukzioa. Urte haietan, hainbat irakasleren eragin sakona jaso zuen, bai eta haien laguntza ere Sevillan bizi izan zen bitartean; haien artean Antonio García Romero da nabarmentzekoa. 1995etik 1998ra, Tetuango Arte Ederretako Institutuan irakasle aritu zen eskultura-erreprodukzioko eskolak ematen; halaber, hainbat bidaia egin zituen atzerrira. Ondorengo urteetan, Sevillako lanez gain, bestelakoak ere egin zituen Badajozen, bai eta probintziako zenbait herritan ere. Zehazki, eskultura-monumentuak, irudigintza-lanak edo erreprodukzioak egin zituen, asko eta asko egin ere, halako moldez, non, 2000tik aurrera, pixkana-pixkana Badajozera bizitzera joan baitzen. 2003an, Extremadurako Unibertsitateko Hezkuntza Fakultatean hasi zen irakasle, Adierazpen Plastikoaren Didaktika Alorreko eskolak emateko.

Aurretik, 2001ean, Meridako Arte Aplikatuen eta Arte Lanbideen Eskolan aritu zen. Unibertsitatean irakasle jardun zuen garaian, eskultura-lanak ere egiten jarraitu zuen, guztiak ere enkarguz, eta inoiz edo, erakusketaren bat egin zuen beste artista batzuekin batera. Erreprodukzio-lanak egitearekin batera, eskulturak, apainketa-piezak edo horma-irudiak zaharberritzeko lanak egin zituen, eta lan artistikoagoak ere bai. Haren eskulturen artean nabarmentzekoa da Badajozko eraikin bateko fatxadan egindako eskultura-apainketa; José de Gabriel Estenoz kaleko 34an, zehazki (1992). Hurrengo urtean lan bat egin zuen Sevillako Santiponce herriko Anfiteatro Romano Hoteleko harrerarako, eta erreprodukzio-lanak ere egin zituen; azken horien artean nabarmentzekoak dira Sevillako Medikuntza Fakultatean monumentu publiko gisara gelditu ziren eskulturak; Trajano eta Heberen erreprodukzioak, hain zuzen. 1997an , eskultura-apainketa soila egin zuen Sevillako El Coronil herriko Antigua Cilla eraikin publikoko fatxadan, eta Sevillako La Casa de las Sirenas jauregiko kanpoaldeko pieza guztiak berreraiki zituen. 1998an, erretaula txiki bat egin zuen, bere adiskide Cayetano Cruz García pintorearekin batera, Badajozko San Juan de Dios parrokiako Sakramentu Santuaren kaperan paratzeko. Urte hartan bertan, monumentu publiko bat egiteko lehen enkargua eman zioten. Hain zuen, Jesusen Bihotza bat izan zen eta Mª de las Nieves Albarracín Lendínezekin batera egin zuen; harri artifizialarekin batera, Portland zementu zuria erabili zuten. Monumentua La Guardan dago kokatua, helbide honetan: Quintana de la Serenako errepidea, z/g (Badajoz). Rodrigo Espadak beste monumentu publiko hauek ere egin zituen: Omenaldia Francisco Luna Ortiz Jaunari, Zafrako alkatea eta Azienda Feriako presidentea, Zafrako Feriatokiko Banesto Pabilioian, (Badajoz 2001); Omenaldia 97ko azaroko Uholdeak eragindako biktimei (Brontzea, 2001), Badajozko Legioaren lorategietan kokatua; Jesusen Bihotza (2001) Peñalsordoko kanposantu zaharrean (Badajoz); San Isidro Nekazaria (2004) Talavera la Realen (Badajoz); Jesusen Bihotza (Hormigoia, 2009) La Nava de Ricomalillon, Toledoko probintzian, eta Iruñeko Jesusen Bihotza 2010ean.

Informazio-iturriak:

Autobiografia. Espada Belmonte, Rodrigo Badajoz, 2009ko urria. Una imagen del Sagrado Corazón debe transmitir bondad y cercanía. DIARIO DE NAVARRA, 2010eko ekainaren 20a.