Monumento a Juan Huarte de San Juan

Fructuoso Ordunak brontzezko erliebe eskultorikoa erabili izan zuen, hainbat aldiz erabili ere, elementu nagusi gisa, oroitzapenezko eskulturetan. Eta hori agerian geratzen da 1924. urtean Julian Gayarreren omenez egin zuen erliebean, edo Tuteran 1929an inauguratu eta José María Méndez Vigo senatariari eskaini zion monumentuan. Juan Huarte de San Juanen omenezko eskultura egitean, eskultore erronkariarrak ez zeukan pertsonaiaren ezaugarri fisikoak islatzeko baliagarri izanen zitzaion irudirik. Hala ere, erretratu sinesgarria egin zuen. Izan ere, ederki islatu zituen, Zientzietako buruargien azterketaren irakurketatik abiatuta Gregorio Marañónek 1933. urtean bertan Nafar Ateneoan emandako hitzaldi batean mediku eta idazle nafarrari egozten zizkion tasunak, besteak beste, ontasuna, apaltasuna, sosegua, gogoetarako gaitasuna eta jakinduria. 1933ko urriaren 15ean, igandearekin, Iruñeko hiriak ohoratu nahi izan zuen mediku nafar ospetsua, Nafarroako Kultura Kontseiluak Nafar Ateneoarekin elkarlanean antolatu zituen hainbat ekitaldiren bitartez. Bertan Iruñeko, Nafarroako eta Donibane Lohizuneko agintaririk gorenak bildu ziren; izan ere, omenduak Donibane Lohizunen zuen jatorria. Hona ekitaldiak: Fructuoso Ordunak egindako oroimenezko monumentuaren inaugurazioa -Taconerako lorategietan, José Zalba eruditoaren diskurtso batekin-, Gregorio Marañón doktoreak Nafar Ateneoan, Notas sobre Huarte izenburupean emandako hitzaldia, Huarte doktorearen garaiko bibliografia eta agirien erakusketa historikoaren inaugurazioa, eta La Perla hotelean agintariei eta gonbidatuei emandako oturuntza.

José Javier Azanza

Monumento a Pablo Sarasate de Eduardo CarreteroSancho III El Mayor de Alberto Orella
IBILBIDEA

Zabalguneak eta Media Luna parkea

6

Juan Huarte de San Juan

Fructuoso Orduna, 1933

Brontzea eta harria

Brontzezko xafla: 79 x 49 x 4 cm. Harrizko arkua: 120 x 73 x 30 cm.

Gaia: Omenezkoa (Medikuak).

Noiz eta non paratua (inaugurazioa): 1933ko urriaren 15ean, Media Luna parkean.