1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Ulibarrena, José

Ulibarrena, José

José Luis Ulibarrena Arellano (Azkoien, Navarra, 1924). Azkoienen bertan garatu zuen gaztetan arterako piztu zitzaion zaletasuna, eta gero, zura lantzen hasi zen Luis Menchónek Iruñean zuen lantegian. 1941ean, Arte eta Lanbide Eskolan hasi zen arte-ikasketak egiten; lehenbizi, Enrique Zubirirekin, eta gero, Miguel Pérez Torres, Andreu eta Muro Urrizarekin. 1945etik 1947ra, Eulogio Valladolid eta Valeriano Martínez eskultoreen irakaspenak jaso zituen Burgosen. 1950ean, Nafarroako Foru Diputazioaren beka bati esker, Parisko Arte Ederretako Goi-mailako Eskolan ikasten jarraitu zuen; han, Marcel Gimond frantses eskultorearen ikaslea izan zen, eta Césarren aholkuak jaso zituen. Esperientzia berriak ezagutu nahiak bultzaturik, Venezuelara joan eta bertan zazpi urtez bizi izan zen, eta Hispanoamerikako beste herrialde batzuetan ere ibili zen, Perun eta Mexikon, esate baterako. Espainiara 1959an behin betiko itzuli ondoren, Ulibarrena gogotik lotu zitzaion etnologia-ondarea babesteari, eta horrekin bat, Iruñeko Erresumako Etnografia Museoa sortu zuen, lehenbizi Berriobeitin, eta 1986tik aurrera, Artetan (Ollaran), seme-alabekin batera sortu zuen Pedro Nafarroakoa Mariskala Fundazioaren mendean. Aldi berean, arlo askotan isuri du bere dohaina, baina eskulturan jarri zuen arreta, eta eduki sinboliko eta etnizista handiko eskultura sortu du, nazioarteko ildoetan sailkatzeko zaila. Ulibarrenak erakusketa asko egin ditu Espainiako hiri askotan, bai eta Parisen eta Caracasen ere. Haren lanak hainbat museo eta bildumatan daude, eta haren eskultura monumentalak, berriz, Nafarroako hainbat herritako kale, parke eta plazetan, bai eta Espainia, Frantzia, Suitza eta Venezuelako beste hiri batzuetan ere. Era berean, lan erlijiosoak egin ditu, hala nola Gurutzearen Pausoa Nekaldiaren Ermandaderako (1948), eta hainbat santuren tailak ere zizelkatu ditu Nafarroako elizetan paratzeko.

JJAL

Informazio-iturriak:

Artista bera. MARTÍNEZ TORRES, J., Hoy es noticia… José Ulibarrena, escultor. Primer becado de la Diputación en el extranjero, Diario de Navarra, 1963ko azaroaren 3a. Conversación de Pedro Manterola con José Ulibarrena, Erakusketa Katalogoa, Nafarroako Aurrezki Kutxako Kultur Aretoak, Iruña, Nafarroako Aurrezki Kutxa, 1979. Ulibarrena y su monumento al Padre Esteban de Adoáin, La Gaceta del Norte, 1980ko urriaren 5a. ARTAJO, I., La otra orilla de José Ulibarrena, Diario de Navarra, 1984ko otsailaren 5a. MURUZÁBAL DEL SOLAR, J.M. eta MURUZÁBAL DEL VAL, J.M., La escultura pública de José Ulibarrena en Navarra (1), Pregón Siglo XXI, 24. zk., 2004, 62-68. or. MURUZÁBAL DEL SOLAR, J.M. eta MURUZÁBAL DEL VAL, J.M. La escultura pública de José Ulibarrena en Navarra (2), Pregón Siglo XXI, 25. zk., 2005, 15-21. or. Joxe Ulibarrena, artesano de lo sencillo a lo hermoso, Diario de Noticias, 2007ko abenduaren 7a.