1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Ugarte Zubirriain, Ricardo

Ugarte Zubiarrain, Ricardo

Eskultore, pintore, grabadore, argazkilari eta idazle hau Eskulturaren Euskal Eskolako kidea izan zen Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Néstor Basterretxea eta Remigio Mendibururekin batera. Pasaian (Gipuzkoa) 1942an jaioa, gaur egun izenik ospetsuenetako bat da egungo Euskal Eskulturaren barruan. Valentziako San Carlos Arte Ederretako Akademian jaso zuen prestakuntza, eta hirurogeiko hamarkadaren bukaeratik toki garrantzitsu bat hasi zen finkatzen euskal artean. Bakarkako lehen erakusketa 1967an egin zuen, Donostiako Barandiaran Galerian. 1969an, lehen saria eskuratu zuen Donostiako Nazioarteko Eskultura Bienalean, Estela lanarekin. 1974an, berriz ere egin zuen erakusketa Donostian, San Telmo Museoan hain zuzen, eta Iruñera 1979an etorri zen lehen aldiz, Ziudadelako Arte Eraikinetara. 1982an, Gure Artea eskultura-lehiaketako lehen saria irabazi zuen, Eusko Jaurlaritzak antolatua, eta 1986an, berriz, Villa de Madrid Eskultura Sari Nazionala. Artista honek ere asko landu du eskultura publikoa. Horrelako bi dozena lan ditu Eusko Autonomia Erkidegoan jarriak, bai eta hiri batzuetan ere, hala nola Murtzian, Tenerifen, Granadan, Madrilen, Oviedon eta abarretan. Artistak honek, gainera, ardura berezia dauka eskultura-lanak ingurunearekin ongi etortzearekin; horregatik, beti saiatzen da kokapenak arretarik handienaz aukeratzen.

Ricardo Ugartek metalak landu ditu bereziki; burdina eta altzairua, batez ere, eta horren gaineko ezagutza tekniko sakon-sakonak ditu. Bere eskultura, halaber, abstrakzioaren bidetik ibili da. Ugartek ezaugarri du lanei ematen dien zorroztasun intelektual handia, bere serieen garapenean dakusagun bezala, non bukaeraraino eramaten baitu hasierako planteamendua. Horrela, garapen hori honako serie hauetan dakusagu: Estelak, Noray, Distortsioak, Hutsarte habitagarriak, Monolitoak, etc. Hainbat tokitan daude bere lanak, hala nola Madrilgo Reina Sofía Arte Gunearen Nazio Museoan, Gasteizko Arte Garaikideko Museoan, Donostiako San Telmon, Gijongo Jovellanos Museoan eta abarretan. Nabarmentzekoak dira, halaber, haren literatur lanak, hasierako unetik beretik hasi baitzen halakoak sortzen, margolanen eta eskultura-lanen osagarri. Literaturan, saiakera eta poesia landu ditu. Horren adibide dira, esaterako, Kurpil (berak sortu zuen beste batzuekin batera) eta Kantil aldizkariak. 1970ean Irun Hiria saiakera-saria irabazi zuen Collage número Uno lanarekin.

JMMS

Informazio-iturriak:

Ugarte, Erakusketa Katalogoa, Ziudadelako Arte Eraikinak. Iruña, Iruñeko Udal Aurrezki Kutxa, 1979. MARTÍN CRUZ, S., Ricardo Ugarte, Diario de Navarra, 1979ko apirilaren 21a. Zenbaiten Artean, Ricardo Ugarte, Los Vascos. IV. liburukia, Donostia, Lur, 1989.ALVAREZ MARTINEZ, Mª S., Basterretxea y Ugarte en la escultura vasca de vanguardia, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Buletina. 48. liburukia (II-IV). 1992. ÁLVAREZ, S., Ugarte, Piñolé Museoan egindako erakusketaren katalogoa. Gijon, 1994.OCHOA, J., Ricardo Ugarte, Erakusketa Katalogoa, Carlos III. Kultur Aretoa Iruña, NUP, 1999. SANZ, P., Una proa en la UPNA, Diario de Navarra, 1999ko ekainaren 12a. Ugarte presenta en Pamplona su escultura para la Universidad Pública de Navarra, El Diario Vasco, 1999ko ekainaren 12a. URQUIJO, J., El escultor de arquitecturas, Ricardo Ugarte revisa el conjunto de su obra en Pamplona, El Mundo, 1999ko ekainaren 20a. P. S., La Proa de la poesía arribó al campus de la UPNA, Diario de Navarra, 1999ko irailaren 21a. MARTÍNEZ, L., Ricardo Ugarte dona la escultura, la proa de la poesía a la UPNA, Diario de Noticias, 1999ko irailaren 21a. KORTADI, E., Ugarte, de hierro y papel, Erakusketa Katalogoa Tolosan (2001-12-14tik 2002-01-12ra) eta Iruñean (2002-01-25etik 2002-02-24ra).