1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Sciancalepore, Pasquale

Sciancalepore, Pasquale

Pasquale Sciancalepore eskultore italiarrak oso teknika ona zeukan tamaina naturaleko irudi erlijiosoak egiteko; proportzioak dotoreak ziren, eta modelatua, berriz, leuna eta ongi orekatua; bere lanek tankera monumental garbia izan zuten. 1950eko hamarkadaz geroztiko lanetan, adierazkortasun handiagoa atzematen zaio, baina gozotasunik eta adeitasunik galdu gabe. Bere lan gehienak Carrarako marmolez eginak daude, baina ez ditu bestelako materialak baztertzen; brontzea, adibidez. Sciancalepore hileta-lan txikiak hasi zen lantzen harik eta Opus Dei sortu zuen gizona, San Josemaría Escrivá, ezagutu zuen arte, zeinak hainbat eskultura enkargatu baitzizkion Villa Teveren, Prelaturak Erroman duen egoitzan, jartzeko. Escrivák berak artista italiarraren eskultura onenetako bi oparitu zituen; horietako bat Maitasun Ederraren Ama Birjina Nafarroako Unibertsitateko campuseko ermitarako, eta bestea, Kristo Gurutzean Torreciudadeko Santutegiko Guztiz Sainduaren kaperarako (Huesca). Azken hori tamaina naturalekoa da eta brontze urreztatuz egina dago. Kristo bizirik irudikatzen du, artean ere lantzakada jaso gabe, begiak zabalik dituela; gonbidapen bat da damutzera eta konbertsioa egitera, Kristok gizon-emakumeen bekatuengatik jasan zuen sufrimendu barea begiestearen bidez. Kristo horren igeltsuzko eredutik jatorrizko bi irudi egin ziren, eta bigarrena Cavabiencako Nazioarteko Zentroan jarri zen, Erromako Tiber ibaira begira. Hain zuzen ere, zentro horretarako zizelkatu zuen Sciancaleporek aita santu San Pio X.aren irudi bat, 1971n. Era berean, eskultore honi eta beste batzuei -Luigi Venturini eta Francesco Nagni italiarrei eta Juan Luis Vasallo, Enrique Orejudo eta Juan Mayné espainiarrei- eskatu zitzaizkien aurreproiektua eta aurrekontua 1968an, Torreciudadeko erretaula nagusia egiteko. Maynek jaso zuen azkenean enkargua.

JJAL

Informazio-iturriak:

PIQUÉ, P., Paulo VI entre los obreros, Nuestro Tiempo, XXIV lib., 138. zk., 1965, 649-659. or. Ayer se inauguró en Pamplona la ermita universitaria dedicada a Santa María, Madre del Amor Hermoso, Diario de Navarra, 1966ko abenduaren 9a.