1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Sanguino, Luis

Sanguino, Luis

Luis Antonio Sanguino de Pascual (Bartzelona, 1934) Madrilen finkaturiko familia baten baitan jaio zen. Han, Mariano Benlliure eskultoreak Federico Coullaut Valerarekin jarri zuen harremanetan, eta azken horren lantegian hasi zen eskultura-ikasketak egiten. Geroago, Arte eta Lanbide Eskolan matrikulatu zen, baina bere prestakuntzak autodidaktatik izan zuen gehiago, Madrilgo museoetara behin eta berriz egindako bisiten bidez. Bere gaitasunaren erakusgarri, Eskultura Sari Nazional bat irabazi zuen Armadako Monjeak lanarekin: harrizko zortzi irudi monumental dira, Valle de los Caídosko Basilikarako eginak. XX. mendeko erdialdean, New Yorkera bizitzera joan eta han hurbiletik ezagutu zuen Modigliani, Moore eta Brancusi artisten obra. Egile horiek, Rodinekin batera, Sanguinoren estiloa definitzen lagundu zuten, klasizismo modernoaren barruan eta gorputz obalen geometrian inspiratua. 1978an Mexikon finkatu ondoren, bere eskultura-lanen klasizismoa areagotu zuen. Bi urte lehenago, 1976an, Elisabet Katolikoa Ordenako Gurutzearekin saritu zuten. 1986an, Madrilera itzuli eta Valdepradosko Gazteluan finkatu zen (Segovian), funtsean eskultura monumentalarekin lotutako ibilbideari jarraipena emateko; aldi berean, entitate pribatuen enkarguak egiten jardun zuen.

Bere lan-bizitza Espainia, Estatu Batuak eta Mexiko artean garatzen da, eta askotan jarri ditu ikusgai bere lanak hiru herrialde horietan, ahaztu gabe haren eskulturak eta monumentuak herrialde horietako hiri nagusietan jarrita daudela, kale, plaza eta parkeen apaingarri. Lan nabarmen askoak atera dira haren eskuetatik, hala nola Etorkinen Monumentua (New York), Bizi Iturria (Monterrey), Emiliano Zapataren Monumentua eta beste hirurogei lan Mexikon, Sustraiak (Puerto Rico) eta Diego de Gardoqui (Filadelfia). Espainiako hiri askotan ditu lanak, besteak beste Madrilen. Horrela, ospea eman diote La Ventas zezen-plaza aldean zezenketa-gaien inguruan kokaturik dauden eskultura-multzoek (Entzierroa horma-irudia, Antonio Bienvenidaren eta El Yiyoren Monumentuak), bai eta La Almudena Katedraleko brontzezko ateek eta kupularen kanpoaldeko apostoluek ere.

JJAL

Informazio-iturriak:

Artista bera. Han estallado las fiestas. Fue inaugurado en monumento a Ernest Hemingway junto a la plaza de toros, Diario de Navarra, 1968ko uztailaren 7a. PIÑUELA GONZÁLEZ, M. H., Luis Antonio Sanguino. Renovación y ruptura en la escultura española contemporánea. Lan argitaragabea. SANGUINO, T., Luis A. Sanguino. Baliabide elektronikoa.