1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Salazar, Dora

Salazar, Dora

Adoración Salazar Romo, Altsasu, 1963. Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, non jatorriz Burundakoa den beste eskultore baten -Ángel Badosen- ikaslea izan baitzen, eta ondotik, Eskultura Doktoretza eskuratu zuen. 1986an, Bizkaiko Foru Aldundiak Arte Plastikoetako beka bat eman zion; 1990ean, Gure Artea lehen Eskultura saria jaso zuen, eta handik bost urtera, Estrasburgoko L"Art Contemporain Nazioarteko Aretoko Sariak (Frantzia) eta Luxenburgoko Gazteria Ministeriokoak. Bakarkako erakusketen artean nabarmentzekoak dira Zikloak II, Bartzelonako Metronom Galerian (1988); Intimitate gordea Bilboko Recalde Aretoan (1995); Bilboko Windsor Kulturgintza Galerian egindakoak (1987, 1993 -atzera begirakoa-, 1998, 2005); L´Homme de Bois Galerian (1995), Honfleur, Frantzia; Bakarrizketak, Iruñeko Ziudadelako Mistoen Eraikinean (2003); Hegalak-korazak, Groseko Okendo Kultur Etxean (Donostia), 1995etik 2005era egindakoaren laburpena; eta Exponerse, Madrilgo Raquel Ponce Galeria (2007). Haren lan batzuk ere aire zabalean jarrita daude, Zarauzko Itsas pasealekuan (Gipuzkoa), Abandoko San Bizenten (Bilbo) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko campusean. Honako toki hauetan ere badira Salazarren lanak: Bizkaiko Batzar Nagusiak, Iruñeko eta Zarauzko Udaletxeak, Arabako eta Nafarroako Arte Ederretako Museoak, Argentaria (Madrid) eta Rafael Tours (Barcelona) bildumak, Sáenz de Gorbea Fundazioa (Bizkaia), Centre Hospitalier Privé Claude Galleen zentroa (Paris), Donostiako Koldo Mitxelena Liburutegia eta Bilboko Windsor Galeria.

FJZC

Informazio-iturriak:

AGUIRIANO, M. Una visita al taller de Dora Salazar, in Zehar, 26. zk., uztail-iraila. Donostia, Gipuzkoako Foru Aldundia, 1994. MANTEROLA, P. Lo que la escultura de Dora Salazar dice de la escultura, erakusketa-katalogoa Karlos III.a Kultur Aretoa. Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Iruña, 1994. SÁENZ DE GORBEA, X. Dora Salazar, in Trayecto Fin de Siglo, Bilbo, Trayecto Galeria, 1989. IRAZU. A. Dora Salazar, escultora. No me gusta la idea del arte por el arte. Me gusta contar cosas, Euskonews and Media, 32. zk., Euskomedia Fundazioa, Euskal Kultura on-line (http://www.euskomedia.org); Dora Salazar: exponerse, Gijon, Asturiasko Printzerriko Hezkuntza eta Kultura Kontseilaritza (Barjola Museoa), 2007.