1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Sada, Alfredo

Sada, Alfredo

Alfredo Sada Laguardia, Faltzes, 1950-1992. Marrazketa, pintura eta modelatua ikasi zituen Iruñeko Arte Aplikatuen eta Arte Lanbideen Eskolan. Eskultura-ikastaro bat egin zuen Madrilgo Arte Ederretako Zirkuluan, Miquel Navarrok emana. Bizitza laburra izan bazuen ere, hizkuntza berri bat ontzen laguntzeko gaitasuna erakutsi zuen. Horrela, antzinako estatuagintzaren arketipoak oinarri harturik, XX. mendeko eskultura bereturik (Brancusi errumaniarrarena, bereziki) eta forma oso modu finduan moldaturik, hizkuntza berritu horrek ederki piztu du 1990eko Postmodernismo eklektikoa. Hainbat entitate ohartu ziren Alfredo Sadak artista globalizatzaile gisara zuen dimentsioaz, bai eta nortasun handiaz ere: Nafarroako Museoa, Nafarroako Kutxa eta Iruñeko Udala (Udalak haren lan bat Gaztelugibelen jarri zuen 1991n: Emakume altzifrea), Juan March Fundazioa, Arte Ederretako Zirkulua eta Espainiako Bankua, Madrilen, bai eta Parisko Kultur Zentroa ere. Guztiek ere beren funtsetan haren lanak dituzte. Caja Españak bere lehen eskultura-saria eman zion 1991n, Olatuen bultzada etengabea lanarengatik, eta bere bilduman sartu zuen. Bakarkako erakusketa gutxi egin zituen (Nafarroako Aurrezki Kutxako erakustokia, 1983; Monet Galeria, 1985; García Castañón Erakustokia, 1986; Kribia Galeria, 1991; guztiak ere Iruñean; Errioxako Museoa, 1990; eta Madrilgo Emilio Navarro Galeria, 1990, garrantzitsuenen artean). Iruñeko Udal Aurrezki Kutxak haren lanen hil ondoko erakusketa bat eskaini zuen 1994ko otsail-martxoan, García Castañón kaleko Erakustokian, Pedro Salaberri pintorea komisarioa izan zela.

FJZC

Informazio-iturriak:

Propuesta 89. Madril, Arte Ederretako Zirkulua, 1989; Alfredo Sada. Madril, Emilio Navarro Galeria, 1990; Alfredo Sada: eskulturak. Iruña, Iruñeko Udal Aurrezki Kutxa, 1994 [P. Salaberriren testua dauka: Una pasión silenciosa]. MARÍN-MEDINA, J. Materiales de revelación y gran novedad plástica, El Independiente, Madril, 1990eko maiatzaren 28a, 30. or. RESANO LÓPEZ, J.C. Alfredo Sada (1949-1992): un proyecto escultórico por recuperar. Euskal Herriko Unibertsitatea (Arte Ederren Fakultatea). Ángel Garraza Salanuevak zuzendutako doktoretza-tesia [2006].