1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Roselló Til, Antoni

Roselló Til, Antoni

Antoni Roselló, Bartzelonan 1948an jaioa, oroz gain diseinatzaile industriala da, eta bere altzariak Kataluniako ingurunean txertaturik daude. Horrez gain, arkitekto teknikoa eta eskultore ospetsua da. Rosselló Espainiako hiri-diseinuaren diseinatzailerik adierazgarrienetako bat, eta bereziki da ospetsua hiri-altzarietan egin dituen diseinu industrialengatik. Artista honek urte asko darama arkitekturaren, diseinuaren eta eskulturaren arteko mugak eta loturak ikertzen. Bartzelonako Aparejadoreen Eskolan eta Arte Ederretako Eskolan prestatua, batera lan egin zuen Manuel Baldrich arkitektoaren bulegoan, Arkitektura Lantegian, eta 1971-1973 artean, Miró-Rodergas-Rousseau-Tineoren bulegoan. Denboraldi batez anaia Josep Roselló arkitektoaren estudioan aritu zen. 80ko hamarkadako erdialdean, Rosellók diseinu industrialarekiko interesa agertu zuen. Arlo horretako bere lehen lanak izan ziren ONCE-Espainiako Itsuen Erakundeko kabina ezaguna eta armairu bat Bartzelonako Fira erakunderako. Une hartatik aurrera, makina bat diseinu egin zituen. Rosellók, gainera, hainbat lanetarako eszenografia sortu du: Mar i Cel taldearen Dansa de Mort, El Tricicle taldearen Éxit, TV3ko Tres i l´astróleg programa-saila eta Els Joglars taldearen Gabinete Liberman antzerki-muntaketa.

Artista honek, gainera, eskultura publikoa asko landu du. Berak eginak dira, esaterako, Boogie Woogie eskultura, USP Institut Universitari Dexeus ospitalean lorategitik sartzeko bidea seinaleztatzeko; Salouko Itsas pasealekuko eskultura monumentala, belaontzi abstraktu bat gogora dakarkiguna eta, denboraren joanean, inguruko argazki-erreferente bat bihurtu dena. 1996an, Coll Favá 33 metroko obelisko monumentala ezarri zuen Ipar Ingurabidea eta Francesc Macià etorbidea lotzen dituen errotondan, Sant Cugat del Vallès herrian, eta berea ere bada herri horretan bertan Rafael Casanovari eskainitako monumentua. Madrilgo Atochako Atea eskulturaren egilea da, eta beste batzuk ditu Blanesen, Sitgesen, eta abarretan. Nafarroan bi eskultura ditu: bat Iruñeko Mendebaldea plazan jarria eta, bestea 2008an Bideko Autobidean jarria, Villamayor de Monjardíngo udal-mugapean.

JMMS