1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Polán, Paco

Polán, Paco

Arte Ederretako eskultura-espezialitatean lizentziatu eta gero, graduondoa Parisko École Nationale Supèrieure des Beaux Arts eskolan egin zuen. Hainbat sari eskuratu zituen Nafarroa, Araba eta Bizkaiko lehiaketetan. Espainiako hainbat galeriarekin aritu da lanean eta, galeria horien eskutik, nazioarteko hainbat azokatan parte hartu du. Duela gutxi, Nafarroako Gobernuak argitalpen bat plazaratu du artista honen ibilbide profesional guztia jasotzeko; bertan, haren lanei buruzko erreferentziak ageri dira. Artista honek eskultura du oinarri, eta material eta teknika ezberdinen ikerketa egin du bere ibilbidean. Ikerketa horri esker lengoaia kontzeptual eta estetikoaren arteko arte-hizkuntza lortu du, eta horretan ibili da lanean emandako urteotan. Eskulturako material klasikoak erabiltzetik testuingurutik kanpoko eguneroko objektuak erabiltzera igaro da, objektu horiek kontzeptua eta estetika, prosa eta poesia elkartzen dituen obra baten protagonista bilakatuz. … Begirada atsegin eta ironikoa objektuen, tresnen, lanabesen gainean, zeinek beren erabilgarritasuna aldatu eta beren gogortasuna galtzen baitute, behe-erliebe bigun bilakatuz… Horra hor zer ageri den Artista-eskua bere lanean(1988). Bestalde, ez du batere zalantzarik eskulturan ohikoak ez diren material arruntak gogoko dituela agerian uzteko; material horiek ehundura, kolorea eta erreferentzia ematen dizkiote ironikoa izaten den barneko mezu bat erakusten duen lan bati. Horren haritik, Marokon fabrikatutako Manhattan pieza osatzen duen artilezko alfonbra aipatu beharra dago, Iruñeko Udalak 2003ko Bienalean erosia.

Pieza horretan ikusten da zer oinarri ematen dien Polánek bere lanei bere obraren etapa kontzeptual horretan. Artista polifazetiko honek ez du inolako zalantzarik bere lanak behar dituen beste teknika batzuk erabiltzeko; horrela, argazkia erabiltzen du, mezu bat edukitzeko bitarteko gisa. Hori agerian dago tragikoki desagertu diren arkitekto handien omenez egindako piezen bilduman, hala nola Le Corbusier, Teragni, Aizpurúa, etab. Pieza horien bidez jolas bat proposatzen dio ikusleari, enigma bat planteatu eta huraxe argitzeko arrastoak ematen ditu. Nolanahi ere, egile honek plastika eta estetikarekiko ardura erakusten du, betiere bazter utzi gabe oinarri kontzeptual bat, elementuak antolatzeko hurrenkera bat, material eta forma jakin batzuk, -eta ez beste batzuk- erabiltzeko arrazoi bat, eta teknika egokiaren aukeraketa bat. Haren lanak honako hauen arte garaikideko bildumetan daude: Fundació La Caixa, Almeriako Udala, Iruñeko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Vital Kutxa Fundazioa (Gasteiz), Donostiako Koldo Mitxelena Fundazioa, Arabako Arte Ederretako Museoa, ARTIUM, Gasteizko Udala, Nafarroako Museoa eta AENA Fundazioa. Nabarmendu beharrekoak dira honako tokiotan egin dituen bakarkako erakusketak: Iruñeko Ziudadelako Labea (1988), Almagroko Fúcares Galeria (1992), Bilboko Windsor Kulturgintza Galeria (1994), Iruñeko Arteclío Galeria (1995), Madrilgo Fúcares Galeria (1995), Bilboko Windsor Kulturgintza Galeria (1998), Donostiako Koldo Mitxelena Kulturenea (2002), Iruñeko Ziudadela (2005), Gasteizko Montehermoso Kulturuneko klaustroa eta Tolosako Aranburu Jauregia (2006).

JMMS

Informazio-iturriak:

SAN MARTÍN MARTÍNEZ, F.J., Paco Polán: informe sobre un continente, Lápiz, revista internacional de arte, 139-140, Madril, 1998.GIMÉNEZ, I., El Parque Fluvial ultima ya sus tres últimas pasarelas peatonales, Diario de Noticias, 2008ko martxoaren 28a.