1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Paret y Alcázar, Luis

Paret y Alcázar, Luis

Madrilen jaio zen, 1746an. Artista polifazetikoa izan zen, Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Errege Akademian prestatua Antonio González Veázquezekin batera. Gainera, Don Luis infanteak babesturik, Erroman hiru urtez egoteko aukera izan zuen. Frantses rokokoaren pintura galantari atxikitako pintorea izan zen eta errege Karlos IV.arentzat lan egin zuen; horrela, hainbat dekorazio-proiektu eta asto-pintura egin zituen, eta nabarmenetako bat izan zen 1780ko hamarkadaren bukaeran Kantauriko itsas portuei eskainitako margolan sorta. Kolorearen zentzu finaren jabea zen eta ederki moldatzen zen marrazketa akademikoan; dena den, haren marrazkia beti egon zen frantses rokokoari berariaz zegokion pintzel aske eta iradokitzailearen mendean. Erretratuak, paisaiak, eszena kostunbristak eta erlijio-gaiak margotu zituen. Gainera -Boucher eta Fragonarden moda frantsesari fidel- pastel-teknika bikain menderatzen zuen, eta bere obra bi pintore horiekin lotzen da estetikoki. Paretek egina da San Juan del Ramo kaperako pintura-dekorazioa, Vianako Andre Mariaren parrokia-elizan, 1785 eta 1787 artean margotua. 1799an hil zen.

IUP

Informazio-iturriak:

Delgado, O., Paret y Alcazar, pintor español, Madril, CSIC, 1957. Labeaga Mendiola, J. C., Las pinturas de Luis Paret en Viana, El Arte en Navarra, II. liburukia, Iruña, Diario de Navarra, 1994, 545-560. or. URANGA GALDIANO, J.E., La obra de Luis Paret en Navarra, Vianako Printzea, 1948, 265-275. or. MOLINS MUGUETA, J.L., II Centenario de la traída de aguas a Pamplona, 1790-1990, Iruña, 1990.