1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Oteiza Embid, Jorge

Oteiza Embid, Jorge

Jorge Oteiza Orion jaio zen, Gipuzkoan, 1908an. XX. mendeko artista espainiarrik garrantzitsuenetako bat da. Donostian hasi zen artegintzan, 1920ko urteetan, bere hirian arte-abangoardia jorratzen ziharduten gazteekin harremanetan. 1914tik 1920ra, Donostiako Jesusen Bihotza ikastetxean egin zuen batxilergoa, bai eta Lekarozko Kaputxinoen ikastetxean ere, Nafarroan. Oteizaren lehen eskulturek kubismoaren eta primitibismoaren eragin handi-handia jaso zuten. Kolonaurreko eskulturaren estetika ikertzeko asmoz, 1933an Hego Amerikara joan zen (Bolibia, Kolonbia, Argentina eta Txile) eta 1949ra arte egon zen bertan; beraz, Espainiako Gerra Zibila saihestu zuen. Espainiara itzuli ondoren, Arantzazuko Ama Birjinaren Basilikako apostoluen frisoa landu zuen (1949-51). Basilika Francisco Javier Sáenz de Oiza arkitektoaren obra da. Espainiako elizak, frisoak izan zezakeen karga politikoa susmatuta, lanak debekatu egin zituen, eta 1968ra arte ez zen lan hura bukatu. Esperimentazio pertsonalaren bidez, Xede Esperimentala esan zion aldia inauguratu zuen (1955); izenburu horrekin aurkeztu zen Sao Pauloko Bienalean (1957), non aparteko saria eman baitzioten eskultura arloan. 1959an, bere bilaketa amaitua zela iritzita, eskultura alde batera uzteko erabakia hartu zuen. Bost jarduera-urte horietan, Oteizak garrantzi handiko operazio bat egin zuen, bere obra Europako tradizio geometrikoaren ildoan sartu baitzuen, neo-plastizismoa eta konstruktibismoa aldarrikatuz. Europako estetika geometrikoen berreskurapenak eta euskal kulturan zuen eraginak Euskal Eskulturaren Eskola deritzonaren oinarriak ezarri zituzten.

Hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan, Oteizak euskara eta Euskal Herriko herri-adierazpenak izan zituen aztergai. 1963an, Quosque Tandem…! argitaratu zuen, euskal arima interpretatzeko saiakera. Euskal Herriko herri-kulturaren eta identitatearen aldeko jarrerak eraginda, balio handia eman zitzaion euskal kulturari abangoardiako jarreretatik, adierazpen-aukera zabalak zituelakoan. 1975ean, Altzuzan (Nafarroa) finkatu zen emazte Itziar Carreñorekin batera. 1985ean, Arte Ederretako Urrezko Domina jaso zuen, Kultura Ministerioak emana. 1988an, Oteiza: Xede esperimentala erakusketa antologikoa egin zuen, Caixa de Pensiones Fundazioak Madrilen, Bilbon eta Bartzelonan antolatua; halaber, Arteetako Asturiasko Printzea Saria jaso zuen. 1996an, Pevsner Saria jaso zuen (Paris), bere obra guztiaren aintzatespen gisara. 1998an, Honoris Causa Doktore izendatu zuten Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Madrilgo Arte Ederretako Zirkuluaren Domina jaso zuen, bai eta Gipuzkoako Urrezko Domina ere. 2003ko apirilaren 9an hil zen Donostian. Beti hotz eta kritikoa izan zen aitortza ofizialen aurrean, eta beti eutsi zion bere jarrera ideologiko eta politiko bereziari. 1992an, bere ondarea Nafarroako Gobernuari eman zion. Hil ondoren, 2003ko udaberrian, Jorge Oteiza Fundazio Museoak ateak ireki zituen Altzuzan, bere adiskide Francisco Javier Sáenz de Oiza eskultore nafarrak diseinatutako eraikin bikain batean.

JMMS

Informazio-iturriak:

Oteiza, propósito experimental, Erakusketa Katalogoa, Caja de Pensiones Fundazioa, Madril, 1988. Oteiza dejó ayer su Odiseo en el Museo de Navarra, Diario de Navarra, 1991ko uztailaren 2a. ÁLVAREZ, S., Oteiza, pasión y razón. Donostia, Nerea, 1995. MARRODÁN, J., Instalada una escultura de Jorge de Oteiza en el campus de la UPNA…, Diario de Navarra, 1996ko ekainaren 29a.La estatua de Oteiza, Diario de Noticias, 1996ko ekainaren 29a. La ciudad se ha convertido en el Museo Urbano de Jorge Oteiza, Diario de Navarra. 1977ko irailaren 26a. EZQUER, A., Firmados los acuerdos para instalar nuevas obras de Oteiza en Pamplona…, Diario de Noticias, 1997ko irailaren 26a. Oteiza al aire libre, Udal Argibideen Aldizkaria, 13. zk., Iruña, Udala, 1997. Pamplona, museo urbano de Jorge Oteiza, Diario de Navarra, 1997ko abenduaren 27a. Las obras de Oteiza y Muro en el campus de la UPNA, renovadas tras un proceso de limpieza, Diario de Noticias, 2002ko irailaren 6a. CENICEROS, I., Una obra que salpica a Navarra, Diario de Navarra, 2003ko apirilaren 11. Coreano, de Jorge Oteiza, en la plaza Conde Rodezno, Diario de Navarra, 2003ko otsailaren 22a. Desaparece un artista universal, en Diario de Navarra, 2003ko apirilaren 10a. ESTÉVEZ, Mª A., El Museo y lo que guarda dentro son lo mejor de dos hombres irrepetibles, Oteiza y Sáenz de Oiza, Diario de Navarra, 2003ko maiatzaren 7a. MENDIRY, R., Visionario del espacio, Diario de Navarra, 2003ko apirilaren 10a. La plaza del Castillo recupera la pieza de Oteiza que estuvo en el inicio de Carlos III, Diario de Navarra, 2004ko ekainaren 22a. Jorge Oteizaren eskultura publikoa Iruñean. Iruña, Jorge Oteiza Museo Fundazioa, 2006. MANTEROLA, P. La escultura de Jorge Oteiza. Una interpretación, Iruña, Jorge Oteiza Museo Fundazioa, 2006. MUÑOA, P. Oteiza: la vida como experimento, Irun, Alberdania, 2006.