1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Orella Unzué, Alberto José

Orella Unzué, Alberto José

Alberto José Orella Unzué (Iruña, 1943). Gazte-gaztetik, arte-bokazioa piztu zitzaion eta, eskulturarako zaletasunarekin lantzearekin batera, batxilergoa ikasi eta Filosofia-ikasketak egin zituen. Nafarroako Unibertsitatean Zientzia Eklesiastikoak ikasi zituen eta, denboraldi batez erlijio-bokazioari emana bizi ondoren, bizitza zibilari berriz heldu eta arte-munduan jardun zuen bete-betean. Hasierako prestakuntza autodidaktaren ondotik, 1988tik 1991ra Arte Ederretako lizentziatura egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Ikasketen ibilbidea doktoretza-tesi batekin iritsi zen goienera, eta Jorge Oteizak hats emanik, tesian plastika garaikideko sonoritatea aztertu zuen. Ikasketak Frantzian, Italian, Belgikan, Holandan eta Alemanian sakondu zituen, eta Erroman hainbat lan egin zituen Andrea Martini frantziskotar eskultorearekin batera. Aldi berean, sormen-lanean aritzeaz gain, Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan jardun du irakasle, eta laurogeita hamarreko hamarkadatik, Hustuketa eta Modelatua irakasgaia eman du. Curia kaleko Galearte Aretoko zuzendaria ere izan zen. 1970eko hamarkadatik aurrera hasi zen jendaurrean agertzen; lehen erakusketa Iruñeko Udal Aurrezki Kutxaren Rodezno kondearen plazako erakustokian egin zuen (1976). Une hartatik aurrera, erakusketa askotan parte hartu zuen, bakarkakoetan nahiz taldekakoetan, Espainiako hainbat hiritan. Halaber, haren lan batzuk Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bilduman daude jasota. Era berean, Iruñeko tenplu eta elizetan jarritako hainbat irudi erlijiosoren egilea da; José María Iribarrenen bustoa ere egin zuen, izen bereko ikastetxean jartzeko, eta Seiren arteko elkarrizketa bere eskultura Gaztelugibel apaintzen duten eskulturen artean dago. Era berean, bere lanak Espainia, Frantzia, Belgika eta Italiako hainbat tokitan daude.

JJAL

Informazio-iturriak:

Inaugurada en Zapatería 40 la exposición Espacios de Arte, con seis esculturas de artistas locales, Navarra Hoy, 1990eko otsailaren 4a. Seis nuevas esculturas para Pamplona, Diario de Navarra, 1990eko otsailaren 14a. Espacios de arte in Erakusketa Katalogoa, Iruñeko Zapateria aretoan, Iruña, Udala, 1990. Nuevas escultura para la Vuelta del Castillo, Diario de Navarra, 1991ko urtarrilaren 16a.Alberto de Orella, Erakusketa Katalogoa, Ziudadelako Mistoen Eraikina, Iruña, Iruñeko Udal Aurrezki Kutxa, 1993. La escultura dedicada a Sancho III el Mayor representará un rey altivo y sus dominios, Diario de Navarra, 2003ko urriaren 15a. El Consistorio contrata la realización de la escultura de Sancho III el Mayor, Diario de Noticias, 2004ko urtarrilaren 9a. Una talla de dos metros del rey Sancho el Mayor, instalada ayer en la Media Luna, Diario de Navarra, 2004ko maiatzaren 15a.