1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Orduna, Fructuoso

Orduna, Fructuoso

Fructuoso Orduna Lafuente (Erronkari, Nafarroa, 1893-Iruña, 1973). Zaragozan hasi zen marrazketa eta modelatua ikasten; lehenbizi, Joaquín Beltrán marmolariarekin, eta gero, Dionisio Lasuén eskultorearen lantegian. 1914an Madrilera joan zen eta Arte eta Lanbide Eskolan jarraitu zuen ikasten; aldi berean, Mariano Benlliureren lantegian hasi zen lanean. 1917an, Nafarroako Foru Diputazioak emandako bekari esker, bere estudioa ireki zuen Atocha kalean. Handik hiru urtera Erromara joan zen, bertan arte-ezagutzak handitzeko, eta 1922ra arte egon zen Italiako hiriburuan. Prestakuntza-aroa bukaturik, Orduna Madrilen finkatu zen, eta buru-belarri jardun zuen estatua, erliebe eta apainketa monumentalen arloan, bai eta irudigintza erlijiosoan eta erretratuan ere, erakunde publikoek eta pribatuek nahiz partikularrek egindako enkarguei esker. Aldi berean, Modelatuko irakasle aritu zen Zeramika Eskolan, eta geroago, Madrilgo Goi-mailako Pintura, Eskultura eta Grabatu Eskolan. 1940ko hamarkadaz geroztik, lan profesionalarekin batera, ohorezko eta ordezkaritzazko kargu asko bete zituen, harik eta 1962ko maiatzaren 19an goia jo zuen arte, San Fernando Arte Ederretako Errege Akademiako kide izendatu baitzuten. Ordunak ez zuen erakusketa asko egin, nahiz eta haietan arrakasta handia lortu. 1920an, Arte Ederretako Erakusketa Nazionalean parte hartu eta Hirugarren Domina eskuratu zuen Erronkariarraren bustoa lanarekin; hura aitaren erretratua izan zen, brontzez egina. 1922an, Urrezko Domina eman zioten, Post Nubila Phoebus lanarekin. Handik urtebetera, bakarkako lehen erakusketa egin zuen (Arte Modernoko Museoko Aretoa, Madril). Era berean, Veneziako Nazioarteko Erakusketan parte hartu zuen (1926), bai eta Arte Espainiarraren Erakusketan ere Belgikan eta Holandan. 1935ean, bere bakarkako bigarren erakusketa egin zuen. Bere lanak Espainiako eta Argentinako hainbat museo eta bilduma partikularretan daude, bai eta Madrilgo eta penintsulako beste toki batzuetako eremu publikoen apaingarri ere.

JJAL

Informazio-iturriak:

Iruñeko Udal Agiritegia. El homenaje del domingo para perpetuar la memoria del insigne médico y filósofo navarro Don Juan Huarte, Diario de Navarra, 1933ko urriaren 17a. Ayer se inauguró el monumento a Gayarre, Diario de Navarra, 1950eko uztailaren 6a.Homenaje a la Guardia Civil, Diario de Navarra, 1969ko abenduaren 18a. Con el monumento restaurado. Homenaje al Duque de Ahumada, fundador de la Guardia Civil, Diario de Navarra, 1972ko apirilaren 18a. ARAHUETES PÉREZ, C., Fructuoso Orduna, Iruña, Nafarroako Gobernua, 1986, col. Panorama bilduma, 7. zk. PÉREZ OLLO, F., Juan de San Juan de Pie del Puerto, autor del Examen de Ingenios. Medicina y filosofía, Diario de Navarra, 2000ko apirilaren 7a.