1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Muro, Javier

Muro, Javier

Francisco Javier Muro Sanz de Galdeano baliorik sendoenetako bat da eskultore nafarren artean. Iruñean 1968an jaioa, laster sumatu zuen artearen deia, pinturan diharduen anaia Ignaciok bezalaxe. Informazio Zientziak ikasi zituen. Bilakaera nahiko azkarra izan du eskulturaren munduan, zeren, 1989an, hogei urte doi zituela, Iruña, artista gazteak lehiaketako lehen saria eskuratu baitzuen eskulturan, eta 1991n berriz, Arte Plastikoetan sormen-lanei laguntzeko beka bat, Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundeak emana. Laurogeita hamarreko hamarkadan sari asko eskuratzeaz gain, lehiaketa garrantzitsuetan ere parte hartu zuen; besteak beste aipatzekoak dira Burgosko Eskultura Lehiaketa Nazionala 1993an; Kirolaren Nazioarteko XI. Bienala Madrilgo Arte Ederretan (1995); Agoizko Bilaketa Lehiaketako Eskultura Saria 1997an, eta abarretan. Ospe handiagoko sariak ere eskuratu ditu, hala nola Caja Madrid XXIII. Eskultura Lehiaketa Nazionaleko 2. saria 1999an, eta Caja España Lehen Eskultura Saria 2003. urtean. Kontserbazio-egoera izenburuko lanarengatik eman zioten azken sari hori; karga kontzeptual handiko pieza da, eta egileak, haren bidez, era metaforikoan eta ironikoan egin zuen gogoeta bizitzaren kontuei buruz.

Sari horrez gain, 1999an Javier Murok Nafarroako II. Eskultura Saria irabazi zuen Bi bakardade lanarekin, aluminio urtuz eta txapaz egina. Artelan hori botila bat da; botila irekitzen da banako bi zati sortuz, pertsonen arteko harremanen metafora gisara. Sariaren ondorioz, Nafarroako Gobernuak eskultore honen lan-erakusketa bat antolatu zuen Nafarroako Museoko aretoetan, 2000ko irailetik urrira, eta eguneroko gauzetan oinarrituriko lanak jarri ziren ikusgai, hala nola botilak eta kopak, eltzeak, etab. Ibilbide oparo horretaz gain, haren izena komunikabide guztietan atera zen, Iruñeko Udalak Felipe Borboikoari eta Letizia Ortizi -ezkontzaren karira- emandako oparia, San Ferminen irudi bat, hark egin zuelako. 2006an, lehen saria eskuratu zuen Tarragonako Arte Modernoko Bienalean. 1995ean, Lizarrako Gustavo de Maeztu Museoan egin zuen erakusketa; 1999an, Iruñeko Ziudadelan, eta 2007ko urrian, Madrilgo Tribeca Galerian. Javier Muroren eskulturak interes garbia agertzen du diseinuarekiko eta orientazio poetikoekiko. Artista hau, gainera, ederki mugitzen da figurazioaren eta abstrakzioaren artean. Atsegin du oso bere estetikan eguneroko objektuak erabiltzea, eta egungo artearen ildoan doazen lanak lortzen ditu, konparazio batera galderazko eskulturak, eskultura kontzeptualak, karga metaforikoaz eta sinbolikoaz betetakoak. Halaber, ederki moldatzen abstrakzioan, oso ildo espresionistan. Muroren Nafarroako eskultura publikoak NUPen, Bertizko Jaurerrian eta Printzearen Gotorlekuko Egoitzan daude; eta kanpoan, Txilen eta Korean.

JMMS

Informazio-iturriak:

EZQUER, A., Arte en el campus, Diario de Noticias, 1997ko urriaren 24a.A.E., El campus de la UPNA acoge ya quince esculturas. Ayer se colocó la obra de acero cortén de Aizkorbe, Diario de Noticias, 1997ko urriaren 3a.Eskultoreak Nafarroako Unibertsitate Publikoko campusean. Iruña, Kultur Koordinazioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 1998Las obras de Oteiza y Muro en el campus de la UPNA, renovadas tras un proceso de limpieza, Diario de Noticias, 2002ko irailaren 6a.Inaugurada la escultura en bronce, Caminando hacia el futuro, en Pamplona, Diario de Navarra, 2006ko martxoaren 23a.Una obra de Muro, Diario de Noticias, 2006ko martxoaren 23a.Javier Muro pone el Lazo de la juventud a Pamplona, Eibar. Alfa Arte Bronce, 20. zk., 2006