1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Miralles Moya, Enric

Miralles Moya, Enric

Arkitekto espainiar ezaguna, Bartzelonan 1955ean jaioa. 15 urtetan, Enric Mirallesek saskibaloi profesionalaren eta Arkitektura Eskolaren arteko hautua egin behar izan zuen. Arkitektura ikasteari ekin zion Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko Goi-mailako Arkitektura Eskola Teknikoan, eta ondoren, Columbiako Unibertsitatera joan zen New Yorkera. Albert Vilaplana eta Helio Piñónen estudioan lanean hasi, eta bertan, 1983ra arte aritu zen. Aldi berean, irakasle atxikia izan zen ikasten aritutako bi unibertsitateetan. Orduz geroztik, haren lan profesionalak hiru aro izan zituen. Lehenbizikoan, 1983tik 1990era, bere lehen emaztearekin -Carme Pinósekin- batera lan egin zuen; 1990etik 1994ra, berriz, bakarrik aritu, estudioa berrantolatu eta EMBT izen eman zion; azkenik, bere bigarren emazte Benedetta Tagliabue italiarrarekin lan egin zuen 1995etik 2000ra. San Feliu de Colinesen hil zen, Bartzelonan, 2000. urtean. Bere bizitza laburrean, Enric Mirallesek sari asko jaso zituen; horietako bat, adibidez, Veneziako Bienaleko Urrezko Lehoia izan zen, 1996an. Era berean, Bartzelona Hiria (1992), Madril Hiria (1993) eta Arkitektura Sari Nazionala (1995) eskuratu zituen. Irakasle gonbidatua izan zen arkitektura- eta diseinu-eskola askotan, besteak beste Harvardeko Unibertsitateko Kenzo Tange katedran, 1992tik aurrera. Haren lan ezagunenen artean aipatzekoak dira Huescako Kirol Jauregia, Valentziako Unibertsitateko Ikasgelategia, Kopenhageko Errege Museoren handitze-lana, Zaragozako Arte Garaikideko Museoa, Igualadako Hilerria, Helsinkiko Arte Modernoko Museoa, Bartzelonako Santa Caterina Merkatuaren bergaikuntza, Leipzigeko Kirol Jauregia, Japoniako Liburutegi Nazionala Tokion, Edinburgoko Parlamentua, Lanzaroteko Marestas Museoa, Bartzelonako Gas Natural Eraikina, etab. Lan multzo handi horri esker, bere belaunaldiko arkitekto espainiarrik ospetsuena izan zen nazioartean. 45 urte bakarrik zituela lortu zuen jende orok desio baina oso gutxik lortzen dutena: bere hizkuntza eraikitzea, zeinean paisaiak eraikinen forma agintzen baitzuen. Hartaz esan da arkitekto neurrigabe eta ikaragarria izan zela; gorputz osoa jartzen zuela arkitektura egiteko; arkitektura barrenetik ezagutu eta kanporantz eraldatzen zuela. Indar adierazkor sekulakoa izan zuen, eta irudimen gainezkakoa. Katalogatzen zaila den arkitektoa, bere baitan ezagutza eta egitate sortzailea uztartu zituena. Arkitekturan aritzeaz gain, diseinua ere landu zuen, hala nola apainketa-gaiak, altzariak, bai eta eskultura-elementuak ere, Iruñeko Ziudadelako lanetan dakusagun bezala.

JMMS

Informazio-iturriak:

MASSAD, F. y GUERRERO YESTE, A., Enric Miralles. A inconclusa arquitetura do sentimento. Arquitextos, 048.01 zk. São Paulo, Portal Vitruvius, 2004ko maiatza. TEIXEIRA, C.M., Enric Miralles, 1955-2000. Arquitextos, Testu Berezia, 002. zk. São Paulo, Portal Vitruvius, 2000ko uztaila.