1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Martínez de Ubago, Manuel

Martínez de Ubago, Manuel

Arkitekto leinu bateko kidea, Manuel Martínez de Ubago Lizarraga (Iruña, 1869-Zaragoza, 1928) Madrilgo Goi-mailako Arkitektura Eskolan lizentziatu zen, 1892an. Haren prestakuntzari oraindik ere nola halako kutsu tradizionala dario, haren irakasleen arte-ikuspegian oinarriturikoa, Viollet-Le Duc frantses arkitektoaren teorien mendekoa. Behin ikasketak bukatuta, Iruñera itzuli eta 1907ra arte arkitekto-lanetan jardun zuen. Lehen Zabalgunean egin zuen gehienbat arkitektura-lana, baina era berean, Iruñeko hirigune historikoko kale eta plazetan eta Nafarroako beste toki batzuetan. Lan haietako gehienetan, une hartako joera historizista eta eklektikoak egin zituen bere; dena den, beste arkitektura-planteamendu batzuei ateak itxi gabe, hala nola Modernismoari. 1907an, Zaragozara bizitzera joan zen; bertan Arkitektoen Elkarteko burua izatera iritsi zen eta buru-belarri jardun zuen lanean. Aragoiko hiriburuan bizi izandako 22 urte haietan, 300 proiektu inguru aurkeztu zituen; ekoizpen-bolumen handia da inondik ere eta, horien bidez, arkitektura arloko tipologia mota asko eta asko jorratu zituen: etxebizitza familiabakarrak eta kolektiboak, eraikin instituzionalak, industrialak, etab. Bere belaunaldiko profesionalik ospetsuenetakotzat jo izan zuten, eta bere arte-sormenak eta ikerketa-gaitasunak aukera ederra eman zioten garai hartan garatu ziren tipologia eta estilo askotarikoetan eboluzionatzeko, dela Eklektizismoan, dela Modernismoan -berari egozten zaio nagusiki ildo hori Iruñean nahiz Zaragozan sartu izana- , dela Erregionalismoan, dela burdinaren arkitekturarako hurbilketan, eta baita nolabaiteko protorrazionalismoan, azken etapan. Era berean, ez zituen kanpoan utzi arkitekturaren planteamendurik sozialenak, eta, horrela, bere proiektuetan langileen bizilekuen arazoa ere jorratu zuen.

JJAL

Informazio-iturriak:

Iruñeko Udal Agiritegia. ORBE SIVATTE, A., Arquitectura y urbanismo en Pamplona a finales del siglo XIX y comienzos del XX, Iruña, Vianako Printzea, 1985. PÉREZ OLLO, F., Monumento y dama de los Fueros, Lugares, ermitas y personajes, Iruña, Diario de Navarra Fundazioa, 2003, 337-356. or. Pacto y Libertad. Centenario del Monumento a los Fueros, Iruña, Nafarroako Gobernua, 2003.MARCO FOZ, J. C., Manuel Martínez de Ubago: arquitecto en Zaragoza, 1905-1928, Zaragoza, Zaragozako Unibertsitatea, 2002.GARCÍA-SANZ MARCOTEGUI, A., La Gamazada y el Monumento a los Fueros de Navarra. Los límites políticos del navarrismo vasquista (1893-1915), Aragoiko Justiziari buruzko Azterlanen Bosgarren Topaketa, Zaragoza, El Justicia de Aragón, 2004, 101-129. or.GARCÍA GUATAS, M., La reivindicación de la historia de Navarra y Aragón en dos monumentos conmemorativos: a los Fueros y al Justiciazgo, Aragoiko Justiziari buruzko Azterlanen Bosgarren Topaketa, Zaragoza, El Justicia de Aragón, 2004, 159-180. or.