1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Manzana, Constantino

Manzana, Constantino

Constantino Manzana huescarra izan zen jaiotzez, baina iruindarra adopzioz, mende erditik gora bizi izan baitzen Nafarroako hiriburuan. 1907ko uztailaren 2an jaio zen Fonzen (Huesca), Barbastrotik hurbil. Haren familian, anaia bat da nabarmentzekoa, Juan Manzana, hogeita hamarreko urteetan Constantinorekin lan egin zuena, eta ondotik, salestarretan sartu zena. Bartzelonako Sarriáko Salestarren Eskolan ikasi zuen eta, 1929an, Iruñera etorri zen lehen aldiz, aipatu ordena erlijiosoak hirian zuen lanbide-eskolan forjako maisu izateko. Hogeita hamarreko hamarkadaren hasieran hasi zen forja- eta metal-lanak egiten Iruñean. Sanduandia kaleko etxabe batean hasi zen. Ikusgai jarritako lehen lanak etxabe hartatik atera ziren; zehazki, Nafar Ateneoak 1933ko uztailean antolaturiko Apainketa Arteen Erakusketakoak. Aurreko urtean, 1932an, egun Gurutzeko plazan dagoen gurutze monumentala egin zuen. Gerra Zibilaren ondotik, lanbide-eskola elektro-mekanikoa sortu zuen Iruñean, eta hantxe aritu zen besteak beste forja eta doikuntzako mekanika irakasten. Eskolak berrogeiko hamarkada hasieran jardun zuen eta Navarro Villoslada kalean egon zen, Gurutze plazaren ondoan. Ondotik, Arrotxapeko lokal batean jarraitu zuen lanean, baina forja- eta metal-lan gutxiago egin zituen. 1947. urtean parte hartu zuen azken aldiz erakusketa batean, Iruñeko Udalak Sanferminetan antolaturikoan, hain zuzen. Ondotik, lokalez lokal eta jardueraz jarduera aritu zen. Erriberri kalean lan egin zuen, Eskolapioen Ikastetxearen aurrean, metalezko ohe kromatuak egiten. Beste lantegi bat Karlos III.aren etorbidean izan zuen eta, ondotik, Zaragoza etorbidean; eskaiola-lokal bat, zehazki. Azkenik, denda bat jarri zuen zapatak saltzeko; lehenik, Descalzos kalean, eta azkenik, Bergamín kaleko 28an, Jesús Obreroren denda esaten zitzaiona. Laurogeiko eta laurogeita hamarreko urteetan hainbat aldiz alde egin zuen Iruñetik. Horrela, denbora puska bat Fonzeko egoitza batean eman zuen, baita Alacanten ere, anaia salestarra hantxe baitzegoen; Ibi herrian, zehazki. 1987ko abuztuan, 15 milioi pezetaz hornituriko beka bat osatu zuen Orihuelako Seminariorako, Alacanten. Ezin da jakin nondik atera ote zuen dirutza hori, ia bizitza osoa pobrezian bizi izan baitzen. 1992ko azaroaren 25ean Iruñeko Erruki Etxean sartu eta 1993ko abuztuaren 22an hil zen. Bere ideiak izan zituen, eta tinko bezain irmo defendatu zituen muturreraino. Ez zuen inolako aurreiritzirik izan bere iritziak azaltzeko, ezta agintari zibil eta elizakoen aurka jotzeko ere. Iruñeko ospitale psikiatrikoan egon zen aldi baterako eta adiskidantza handia egin zuen bertako zuzendari Federico Soto jaunarekin. Gutun asko bidali zizkien agintari mota guztiei, hala nola gobernari zibilei, apezpiku eta kardinalei, banku-zuzendariei, erakundeetako presidenteei, eta abarri. Halaber, berrogeita hamarreko hamarkadan preso harturik egon zen, erregimen frankistari modu bitxi batean aurka egiteagatik. Azken buruan, definitzen zaila den nortasun konplexu bati lotutako alderdi askotarikoak biltzen zituen.

JMMS

Informazio-iturriak:

ARAZURI, J.J., Pamplona, calles y barrios, I. Iruña, egilearen argitalpena, 1979. MURUZÁBAL DEL SOLAR, J.Mª., Constantino Manzana, artista de la forja, in Pregón aldizkaria, siglo XXI, 15. zk., Iruña, 2000.