1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. López Hernández, Francisco

López Hernández, Francisco

Urregin eta imajinagin familia bateko ondorengoa, Francisco López Hernández (Madril, 1932) familiaren lantegian hasi zen aitaren ondoan, zeina hutsarteko grabatua irakasgaiko irakaslea baitzen San Fernando Eskolan. 1951n, eskultura ikasten jarraitu zuen Madrilgo Arte eta Lanbide Eskolan -José Capuz izan zuen irakasle- eta San Fernando Arte Ederretako Eskolan. Italian osatu zuen prestakuntza, hara joan baitzen 1956an Hezkuntza Ministerioak bekatua, eta Erromako Arte Ederretako Akademia Espainiarrean segitu zuen 1960tik 1964ra, eskulturako pentsiodun gisara. Estiloa osatzerakoan, guztiz funtsezkoa izan zitzaion, batetik, Jacopo della Quercia eta Donatello artisten eskultura errenazentista ezagutzea, eta, bestetik, Marino Marini eta Giacomo Manzúren eskultura italiar neofiguratiboaren aztarna jasotzea. Aldi berean, garai hartan Grezia, Frantzia, Ingalaterra eta Alemanian barrena ibili zen, eta egonaldi haiek erabakigarriak izan ziren behin betiko prestakuntza eta heldutasun artistikoa eskuratzeko. 1969an irakasle-lanetan hasi zen, Medallistikako irakasle gisa, San Fernando Arte Ederretako Eskolan, eta 1988an, Doktore maila lortu zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Madrilgo eskola errealista deritzoneko kide, haren irakaspenen eraginak oso arrasto sakona utzi du Espainiako eskultura figuratibo berrian. Bere ibilbidean jasotako beka eta sarien artean, Tomás Francisco Prieto Saria aipatu behar da I. Erakusketa Iberoamerikarrean (1958) eta Juan March Fundazioaren beka (1966). Bakarkako nahiz taldekako erakusketa askotan parte hartu du Europako hainbat herrialdetan, Estatu Batuetan eta Japonian. Haren lanak museo eta bilduma askotan daude, hala nola Reina Sofía Arte Gunearen Nazio Museoan, Juan March Fundazioan, Londresko Britainiar Museoan, Ganteko Voor Schone Kunsten Museoan (Belgika), Berlingo Nacional Gallerie Galerian, Municheko Pinakoteka Berrian eta Hanburgoko Kunsthalle-n. Era berean, haren eskultura publikoak Espainiako hiri batzuetan daude, kale, plaza eta beste hiri-esparru adierazgarri batzuen apaingarri.

JJAL

Informazio-iturriak:

JOVE, J. M., Antonio López, Lucio Muñoz, Julio L. Hernández y Francisco López en la Sala de la Dirección General de Bellas Artes, Ateneo, 77. zk., 1955, 30-31. or. SAGER, P., Nuevas formas de realismo, Madril, Alianza, 1981. LÓPEZ HERNÁNDEZ, F., Proceso y creación de una obra escultórica, Madril, Unibertsitate Konplutentsea, 1988. Zenbaiten Artean, Erakusketa Antologikoaren Katalogoa Conde Duque Kultur Zentroa, Madril, 1996. ARMENTA DEU, A., El escultor Francisco López Hernández, Madril, Unibertsitate Konplutentsea, 2001.Josemaría dohatsuaren estatuaren bedeinkapena, Iruña, Nafarroako Unibertsitatea, 2002. El artista Francisco López Hernández esculpirá a Carlos III, Diario de Navarra, 2002ko azaroaren 12a. La ciudad homenajea a Carlos III, Diario de Navarra, 2004ko irailaren 24a.