1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Lenaerts, Henri

Lenaerts, Henri

Henri Lenaerts 1923ko maiatzaren 8an jaio zen Molenbeek-St-Jean herrian (Brusela). 1945etik 1948ra, pintura ikasi zuen Bruselako Arte Ederretako Akademian, Anto Carte irakaslearekin. Aldi berean, eskulturaren artea ikasi zuen Molenbeek Akademiako Delneste irakaslearekin. 1949an, Marie-Josée Van Broeckekin ezkondu zen. Orduz geroztik, eskultore eta pintore ari da. Eskulturako irakaslea izan da Nivellesen eta Watermael-Boitsforteko Akademian. Meisen finkatu eta han bertan bere lantegia eraiki zuen. 1962an, Indiara joan zen, pentsamendu indiarraren pertzepzio zabalak liluratuta. 1964an, UNESCOren beka bat eskuratu zuen Indiako kultura ikasteko, eta 1967an Indiako Gobernuak beste beka bat eman zion, proiektuari jarraipena emateko, eta Madras eta Benaresko Unibertsitateetan ikasten jarraitzeko. 1971ko bukaeran, tesia aurkeztu zuen Benaresko Unibertsitatean, pentsamendu filosofiko tantrikoa gaitzat hartuta, eta Filosofia Indiarrean doktore izendatu zuten tesirik onenarendako sariarekin. Indian bizi bitartean, Unibertsitateko eskultura-atalarekin jarri zen harremanetan. Behin Belgikara itzulita, yoga ikastaroak antolatu zituen. Berak egindako Yogi eskultura Italiara eraman zuen, brontzean urtzeko. Garai hartan, eskultura-lan asko atera ziren bere arte sortzailetik: Venusen Jaiotza I eta II, Ikaroren erorketa, Bizitzeko Plazera, Giza Patua I eta II, Sorgin Ikaslea, eta azkenetakoen artean, Ikertzailea.

Horma-pinturak ere egin ditu, baita tapizetarako kartoiak ere, zeinak Paulette Garinek ehundu dituen. Haren lehen eskultura-lanetako batzuk leku publikoetan jarrita daude. Belgikako Estatuak, adibidez, hainbat lan erosi zizkion, Albert Tasnoy, Herman Teirlink eta Charles Leplace erosketa-batzordeko kideek eskaturik. Andre Nekazari Eseria 1953koa da eta Meiseko lorategi botanikoaren aurrean dago. Bizi Erritmoa Ostendeko udaletxean dago. Arte Ederretako Museoak Landa Silueta erosi zuen 1957an. Urtetan, eskultura hori sarrerako atondoan egon zen; gero, eraikin berrira aldatu zuten, eta hantxe dago ikusgai Permeke artistaren lanen ondoan. 1971n, bizia errotik aldatzea erabaki eta Nafarroara bizitzera etorri zen, Gesalazko Irurre herrira. Han bizi izan zen, soilki bizi ere, naturarekin harremanean, 2006ko abenduan hil zen arte. Lenaerts ondorengorik gabe hil zen, eta besteak beste, horrexegatik nahi izan zuen bere lanaren emaitza geratzea esku zabalik hartu zuen herrian. Kalitate nabarmeneko arte-ondarea utzi zuen, eta hain zuzen ere, 35 urtez bizi eta lan egin zuen tokian erakutsi nahi da. Nafarroan, badira haren lanak Lizarran eta NUPeko campusean, bai eta Irurren bertan ere. 2004an, Lizarrako Gustavo de Maeztu Museoan jarri zen ikusgai Lenaertsen obra.

JMMS

Informazio-iturriak:

STEGMEIER, I., Carlos Irijalba, Henri Lenaerts y Mariano Royo se suman a la colección de la UPNA, Diario de Navarra, 2006ko otsailaren 23a. Muere Henri Lenaerts, escultor belga afincado en Irurre, Diario de Navarra, 2006ko abenduaren 7a.R.A., La tragedia de esta época es que hemos perdido el contacto con la naturaleza, Diario de Navarra, 2006ko abenduaren 8a.R.A., Fondos para arrancar la casa-museo Lenaerts, Diario de Navarra, 2009ko urtarrilaren 27a.