1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Larrea Gayarre, Vicente

Larrea Gayarre, Vicente

Bizkaiko eskultore leinu oparo bateko ondorengoa, José Larrea Echániz eskultorearen eta Pilar Gayarre Galbete nafarraren semea. Mende erditik gorako ibilbidean, oraindik ere Bizkaian eta inguruko beste leku batzuetan ikusten diren eskultura publiko eta erlijioso asko egin zituen José Larreak. Nafarroan, hark eginak dira Zangozako Jesusen Bihotza, San Ignazio Loiolakoaren irudia Iruñeko Josulagunen ikastetxean, eta Pio XII.aren irudia Arantzadiko baratze pribatu batean Aitak aitona Vicente Larrea Aldamarengandik jaso zuen ofizioa. Vicentek ireki zuen familiaren lehen lantegia Bilbon, eta hura oso garrantzitsua izan zen. Vicente Larrea 1934an jaio zen Bilbon. Indautxuko Josulagunen ikastetxean ikasketak egin ondoren, Meatze eta Siderurgiako Ingeniari Teknikoa ikasi zuen, 1957an graduatu zen arte. Familiaren lantegian hasi zen artea ikasten, aita Joséren eskutik, bai eta Atxuriko Arte eta Lanbide Eskolan ere. Ondotik, Frantzian jarraitu zuen ikasten, Raymond Dubois eskultorearen lantegian, Solesmes herrian. Hirurogeiko hamarkadan familiaren lantegiarekin hautsi zuen, eta horrek behin betiko bultzatu zuen eskultura garaikidearen hizkuntzarantz. Hausturak familiaren lantegia bera jo zuen, eta Vicente Larreak 1964an itxi zuen. Emen arte-taldeko kidea izan zen. Emen taldea Bizkaian sortu zen, noiz eta Gipuzkoan Gaur taldea, Araban Orain taldea eta Nafarroan Danok taldea jaio zirenean, artistak batzeko borondatez, betiere bakoitzaren joera desberdinak errespetatuta eta Euskal Eskola izenekoaren barruan, hirurogeiko hamarkadan. Gaur eta Emen taldeek 1966an Bilboko Arte Ederretako Museoan batera egindako erakusketan parte hartu zuen. Urte haietako eskultura guztiak, izaera publikokoa izan ezik, ikusgai jarri ziren eskultoreak Bilboko Grises Galerian bakarka egindako lehen erakusketan (1968). Bakarkako hurrengo erakusketa Illescas Galerian egin zuen 1970ean, eta bertan, geometria-egiturek eta elementu organikoek markaturiko lanak agertu ziren. Artea irakasten ere jardun zuen, Bilboko Arte Ederretako Fakultateko Eskultura irakaslea izan baitzen, baina arlo hori laster utzi zuen alde batera, irakaskuntza-metodoekin ados ez zegoelako. Iruñean 1972an egin ziren Nazioarteko Arte Topaketetan parte hartu zuen. 1973an, Larreak atzera begirako lehen erakusketa egin zuen Durangoko Udalaren Kultur Aretoetan. Hurrengo urtean, lanak Madrilgo Kreisler-2 Galeria ospetsuan jarri zituen ikusgai, eta kritikaren aldetik oso arrakastatsua izan zen. Atzera begirako beste erakusketa bat egin zuen Iruñeko Ziudadelan, 1977an. Une hartatik aurrera, Vicente Larrearen eskultura oso ezaguna egin zen Euskal Herrian; baditu brontzezko formatu txikiko eskulturak, eta eskultura publikoak ere bai, burdinazkoak eta tamaina handikoak. 1983an, hainbat lan eraman zituen, Basterretxea eta Mendibururekin batera, Chicagoko Nazioarteko Arte Azokara, Eusko Jaurlaritzak gonbidaturik. 50 urtetik gora maisuki jardun du ofizio honetan, eta gaur egun, oraindik ere badihardu.

JMMS

Informazio-iturriak:

Vicente Larrea, 1967-1977, Ziudadelako Arte Eraikinetako erakusketaren katalogoa, Iruña, Iruñeko Udal Aurrezki Kutxa, 1977ko azaroa. BARAÑANO, K. Vicente Larrea, Gasteiz, Eusko Jaurlaritza, 2005.