1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Larrea Echániz, José

Larrea Echániz, José

Bilbo, 1890-1976. Bizkaiko eskultore leinu bateko ondorengoa da, Vicente Larrea Aldamaren semea (1852-1922). Vicentek, hain zuzen, familiaren lehen lantegia ireki zuen Bilbon, Ribera kaleko 14 eta 15ean, eta halaber, modelatu eta marrazketako irakaslea izan zen Arte eta Lanbide Eskolan. Vicentek 9 urte eman zituen Parisen, eta Maumejean enpresako beirateak sartu zituen, enpresa horren ordezkaritza ireki baitzuen Donostian. Haren lan publikorik garrantzitsuena Samaniegoren monumentuko eskultura da, Guardian (1883). Semeak, José Larreak, prestakuntza bikaina izan zuen aitaren lantegian eta Parisko Arte Ederretako Eskolan. Pilar Gayarre Galbete nafarrarekin ezkondu zen, eta ezkontza hartatik, Vicente Larrea Galbete jaio zen, eskultorea hura ere. Berrogeita hamar urte baino gehiago aritu zen lanean familiaren lantegian, eta erlijio-estatuagintzan espezializatu zen: santuen irudiak elizetarako, Gurutziltzatuaren eta Ama Birjinaren irudikapenak, etab. Haren lanen artean, Jesusen Bihotza nabarmendu behar da. Beraz, XX. mendeko egiazko imajinagin bat da. José Larreak eskultura publiko eta erlijioso asko egin zituen mende erditik gorako ibilbidean, eta oraindik Bizkaian eta inguruko beste leku batzuetan daude ikusgai. Nafarroan, hark eginak dira Zangozako Jesusen Bihotza, San Ignazio Loiolakoaren irudia Iruñeko Josulagunen ikastetxean, eta Pio XII.aren irudia Arantzadiko baratze pribatu batean, bai eta eliza barruko lanak ere, hala nola Iruñeko Josulagunen Sortzez Garbiaren elizan. Eskultura publiko ugari utzi zituen Espainiako hainbat lekutan: Hark eginak dira, adibidez, San Sebastián de la Gomerako Jesusen Bihotza (1962), Algerirasko Nazarenoaren Kofradiako Fedearen Kristoa (1938), Bilboko Vera Cruz Kofradiako San Joan irudia (1944), Remigio Vilariñoren monumentua Bilbon (1955), San Ignazioren irudia Portugaleteko San Ignazio Parrokian (1945-50), etab.

JMMS