1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Juaristi, Victoriano

Juaristi, Victoriano

Victoriano Juaristi Sagarzazu (Donostia, 1880-Iruña, 1949) mediku ospetsua izan zen, eta gizon humanista, egiazki; horrek bultzaturik, beste jakintza batzuk ere landu zituen, hala nola literatura, musika eta arte plastikoak; eskultura eta esmaltatua, batez ere. 1901ean medikuntza-ikasketak Valladolideko Unibertsitatean bukatu ondoren, lehenbizi Santanderren aritu zen mediku, eta gero, Irunen, eta Europako hainbat zentrotan ere ibili zen prestakuntza osatzeko. 1919an, Iruñera bizitzera joan zen; bertan Arraiza eta Canalejo doktoreekin batera San Miguel Klinika sortu zuen, eta bertako zuzendaria izan zen hil arte. Era berean, bestelako karguak bete zituen, hala nola Nafarroako Ospitale Militarreko kirurgia-taldeko burua eta Nafarroako Medikuen Elkargoko presidentea. Arte ederren zale handia zen, eta bereziki eskulturan nabarmendu zen, denbora-pasa arlo horretan ematen baitzuen batez ere. Bere eskultura-lan batzuk Nafarroako leku publikoetan jarri ziren, gehienak 1930eko hamarkadan eginak, hau da, lan gehien egin zituen urteetan. Garain hartakoak dira Errolanen Chanson izeneko monumentua (1934) Ibañetako gainean, eta César Borgiaren omenezko sarkofagoa (1934) Vianarako, biak ere desagertuak, nahiz eta azken horretako bi erreplika gorde diren Donostiako San Telmo Museoan eta Xàtivako Udaletxean (Valentzia). Oso ongi menderatu zuen esmaltearen teknika, eta arlo horri buruzko bi azterlan argitaratu zituen, horietako bat Serapio Huicirekin elkarlanean, Aralarko San Migel Santutegiko erretaula esmaltatuari eskainia. Pinturan eta musikan ere aritu zen, eta bi zarzuela estreinatu zituen: La batelera eta La caserita. Osasun arloko artikuluez gain, historiari eta arteari buruzko artikuluak ere idatzi zituen. 1930ean, San Fernando Arte Ederretako Errege Akademiako kide urgazle izendatu zuten, bai eta Nafarroako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordeko kide ere.

JJAL

Informazio-iturriak:

BARÓN, B., Ripios al vuelo. El monumento al Rey Teobaldo, Diario de Navarra, 1935eko ekainaren 2a. TEOBALDO I DE CHAMPAÑA (V. JUARISTI), Muy de veras, El Pensamiento Navarro, 1948ko apirilaren 16a. MARTÍN CRUZ, V., Victoriano Juaristi Sagarzazu, Bidasoako Ikaskuntzen Aldizkaria, 7. zk., 1990, 163-268. or. MARTÍN CRUZ, S., Victoriano Juaristi Sagarzazu (1880-1949). El ansia de saber. Datos para una biografía, Iruña, Nafarroako Gobernua, 2007.