1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Ibáñez Ceba, Ángel

Ibáñez Ceba, Ángel

Nafar arkitekto ezagun eta ospetsua, Nafarroako Unibertsitatean prestatua, eta estudioa ere Nafarroan duena. Arkitekto-lana egiteaz gain, hirigintza-munduaren barruko lana da bereziki nabarmentzekoa. Hiri-antolamenduko planetan dago espezializatua, eta lan hori Nafarroako hainbat udalerritan egin du. Estudioa Getze-Galarren du. Arkitekto- eta hirigile-lan garrantzitsua egin du Nafarroan. Adibidez, Zabaltza, Fustiñana, Leatxe, Arroitz eta beste herri batzuetako Udal Planak ekarriko ditugu lerrootara. Hiri-antolamenduaz denaz bezainbatean, lan oso bat idatzi zuen, La ordenación urbana: aspectos legales y práctica profesional, 1985ean plazaratua, Carlos Martínez Carorekin batera. Era berean, mugakide diren probintzietan lan egin ohi du, hala nola Errioxan, Araban, Gipuzkoan, eta abarretan. 2007ko azken udal-hauteskundeetan Getze-Galarko ordezkari hautatu zuten (Galar Zendea), eta ondotik, aipatu Kontzejuko buru izendatu, hau da, bizi den herrian. Arkitektura-lanaz gain, apainketa-elementuak diseinatzea ere du gustuko; esaterako, Bartolomé de Carranza pasealekuko iturria, gida honetan ageri dena. Halaber, eskultura-lan bat izan zuen Iruñeko San Juan de la Cadena Ikastetxe Publikoan; Haur Hezkuntzako eraikinean, hain zuzen. Lan hori duela gutxi kendu dute bertatik, eskolako jolaslekua birmoldatzeko lanen barruan.

JMMS

Informazio-iturriak:

IBAÑEZ CEBA, A eta MARTÍNEZ CARO, C. La ordenación urbana. Iruña, EUNSA, 1985.