1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Huerta Celaya, Rafael

Huerta Celaya, Rafael

Rafael Huerta Celaya (Bilbo, 1929) Moisés de Huerta eskultorearen semea da; aita Espainiako gerra arteko eskultura-errealismoko ordezkari nagusietako bat izan zen. Lehendabizi aitaren lantegian ikasia, 1945ean Madrilgo Arte Ederretako Goi-mailako Eskolako sarrera prestatu zuen eta, hurrengo urtean, lehenbizikoa izan zen 400etik gora parte-hartzaileren artean. 1951n, titulua aipamen bereziarekin atera zuen eskultura-atalean, eta Arte Ederretako marrazketako irakasle izendatu zuten. Handik urtebetera, Modelatu eta Hustuketako irakasle-postua eskuratu zuen Corellako Arte eta Lanbide Eskolan, eta hogei urtez aritu zen Nafarroako herri horretan; gero, Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolara joan zen, bertako zuzendaria ere izan zen, eta irakaskuntzan aritzeaz gain, arte-sorkuntzan ere jardun zuen. Artegintzari gagozkiola, bere buruaz esan du eskultore figuratiboa dela, imitatzeko maisurik gabea, ez bada aitarengandik jasotako arrastoa eta Artetaren kutsu batzuk; horren emaitza artisautza-tratamenduko obra bat da, ezein kontzesio anekdotikorik gabea, eta ederki erakusten du zeinen ongi dakien ofizioan. Rafael Huertak eskultura monumentalaren arloan egin ditu lan gehienak. Horrela, baditu lanak Nafarroa, Euskadi, Kantabria eta Madrilgo hainbat herritan. Era berean, bakarkako nahiz taldekako erakusketa askotan parte hartu du; horien artean, 1954ko Arte Ederretako Erakusketa Nazionala da nabarmentzekoa.

JJAL

Informazio-iturriak:

Rafael Huerta erakusketaren katalogoa Parke 15 Galeria, Iruña, 1979. Nuevas esculturas para la Vuelta del Castillo, Diario de Navarra, 1990eko urtarrilaren 14a. La escultura Rebotando del revés se colocará en la carretera entre Echavacoiz y Cizur Mayor, Diario de Navarra, 1990eko irailaren 4a. Rafael Huerta, Diario de Navarra, 1990eko irailaren 9a. MARTÍN-CRUZ, S., Rafael Huerta, Diario de Navarra, 1990eko urriaren 20a. El encierro tendrá su monumento, Diario de Navarra, 1991ko irailaren 11. Un busto recordará al médico Nicasio Landa, Diario de Navarra, 1999ko martxoaren 21a. Pamplona homenajea al doctor Arazuri con una escultura junto a San Lorenzo, Diario de Navarra, 2003ko uztailaren 3a. La escultura del encierro toma Pamplona, Diario de Navarra, 2007ko otsailaren 9a. HUERTA CELAYA, R., El Monumento al Encierro, Diario de Navarra, 2007ko apirilaren 19a. La escultura del encierro enseña la cara, Diario de Navarra, 2007ko apirilaren 22a.