1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Flotats i Llucià, Joan

Flotats i Llucià, Joan

Joan Flotats i Llucià (Manresa, 1847-Bartzelona, 1917). Gazte-gaztetik erakutsi zuen eskulturarako dohaina, Agapito eta Venancio Vallmitjana anaien dizipulu gisara. XIX. mende bukaerako erlijio-irudigintza errealistaren ordezkaririk gorenetako bat izan zen; artelan bikainak egin zituen elizetarako, eta hileta-eskultura ere landu zuen. Hala ere, bestelako genero eta gaietan jardun zuen, hala nola erretratuan eta eskultura mitologikoan; hortxe dago, konparazio batera, Danae lana (1881, Ziudadelako parkeko urjauzia, Bartzelona). Urte hartan berean, Bartzelonako Arte Zirkulu sortu berriko presidentea izan zen. Haren artelan gehienak Bartzelonan daude; horien artean San Seberoren eskultura aipa daiteke, Hiriko Etxeko fatxada gotikoan kokatua, Luís Puiggener Bartzelonako eskultorearekin batera egina, lantegi berean aritu baitziren. Biek batera ere Atsedena eta Otoitza irudi alegorikoak egin zituzten 1880an, Poble Neu hilerrirako. Flotatsek, halaber, Andre Mariaren Koroapena egin zuen Montserrateko Arrosario Monumentalaren Aintzazko Bosgarren Misterioarentzat. Bestalde, Gaudík proiektaturiko eraikin batzuk eskulturen bidez apaindu zituen: Familia Santuaren Tenplua eta Güell Jauregia, kasu; zehazki, irudi bana egin zuen kriptarako eta kaperarako, hurrenez hurren. Kataluniako lanez gain, Hego Amerikatik ere lan asko enkargatu zizkioten, hura ohiko merkatua izan baitzen XIX. mende bukaerako eskultore katalanentzat. Haren lantegian, gainera, hurrengo belaunaldiko eskultore katalan nabarmenetako batzuek jaso zuten prestakuntza; esaterako, artistaren semea bera, Carles Flotats i Galtés, eta suhia, Llorenç Matamala i Pinyol. Joan Flotatsek Bartzelonan eta Madrilen egindako Arte Ederretako erakusketa batzuetan parte hartu zuen. Madrilgo Arte Modernoko Museoan Flotatsen lan nabarmen bat dago: Isabel II.aren eskultura.

JJAL

Informazio-iturriak:

Iruñeko Udal Agiritegia. Bendición e inauguración del Monumento a San Ignacio, Diario de Navarra, 1950.eko urriaren 10a. SUBIRACHS I BURAGA, J., L"escultura del segle XIX a Catalunya. Del Romanticisme al Realisme, Bartzelona, Publicacions de l"Abadia de Montserrat, 1994. Retirada la escultura de San Ignacio de Loyola para sustituirla por otra de bronce, Diario de Navarra, 2005eko uztailaren 23a. Inaugurado el nuevo conjunto escultórico de San Ignacio, réplica del original en bronce, Diario de Navarra, 2005eko uztailaren 30a.