1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Ferrán, Leopoldo

Ferrán, Leopoldo

Artista polifazetiko hau Irunen (Gipuzkoa) jaio zen, 1963an. Hasierako prestakuntza-aldia Euskal Herrian egin ondotik, 1994an Agustina Oterorekin lotu zen artistikoki (San Adrián del Valle, Leon, 1960), elkarrekin instalazio-lanak sortzeko eta, horren bidez, hizkuntza plastikoa ikertu eta hartan sakontzeko. 1997an, bi-biek Gipuzkoako Aldundiaren beka jaso zuten eta, 2000n, Kanpo Arazoetarako Ministerioaren beka, bai eta Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Aldundiko laguntzak ere. Horri esker, hainbat tokitan ibili ziren beren prestakuntza osatzeko. Florentzian bi urte, Parisen beste bi eta Senegaleko hegoaldean denboraldi bat eman ondoren, artista taldeak Espainiako iparraldean ezarri zuen estudioa; lehenik, Hondarribian (Gipuzkoa), eta gero, Iturenen. Agustina Otero eta Leopoldo Ferránen arte-transhumantziak Iturengo zelai zoragarri bateraino eraman ditu (Nafarroa), Mendaur mendiaren oineko txoko eder batera; bi sortzaileak hantxe ahalegintzen dira ontzen eta taxutzen munta handieneko beren azken eskultura- zein -arkitektura lanak. Biek ere ohiko metodoetatik aldentzea lortu dute, eta orain, eskultura eta pintura bideoarekin uztartu dituzte, espazioaren ikertzaileak izaten saiatzeko. Alanbre arantzadunez osaturiko hodei bat, lurretik metro batera zintzilik; ahuntz-larruko pergaminoak, alanbrez lotutakoak; zaldain goratuek osaturiko labirinto bat, hormen kontra talka eginez; aluminiozko 36 esfera, oso hari tenkatuek txirikordaturik... Horra hor Ferrán eta Oteroren instalazio batzuk.

Erakusketa nagusien artean aipatzekoak dira 1995ean Bilboko Rekalde Aretoan Mazarredo 3 5 2 izenburuarekin egindakoa, eta Hem to pan erakusketa Iruñeko Ziudadelako Labean. 1996an, Valentziako Reales Atarazanas eraikinera Denboraren erlojua obra eraman zuten. 1997an, Tutto sone isole erakusketa Lizarrako Gustavo Maeztu Museora eraman zuten, eta Gasteizko ur-biltontzi zaharrera, berriz, Kartografia itsasorik gabeko delta bateko lasterkariarentzat izenburukoa. 1998an, Italian eta Bartzelonako Miró Fundazioan egin zituzten erakusketak. 2000n, Madrilgo Salvador Díaz Galerian aurkeztu zuten bere obra. Urte hartan bertan, beren lanak Iruñeko Moisés Pérez de Albéniz Galerian jarri zituzten ikusgai, izenburu honekin: Gauzak izateko edo existitzeko gaitasuna, potentzia edo aukera, eta toki berean Bizitzea izenburuko erakusketa paratu zuten 2002an. 2007an, Leongo Arte Garaikideko Museoan egin zuten erakusketa bat. Ez dira asko aritu eskultura publikoan. Leopoldo Ferránek Bertizko Jaurerrian ditu lanak, bai eta Iruñeko Hilerriko errausketa-labean ere. Beren azken eskultura publikoa, Sirenak,Irunen jarri zuten 2006an.

JMMS

Informazio-iturriak:

Leopoldo Ferrán, Agustina Otero: Morar, Moisés Pérez de Albéniz Galeriako erakusketa-katalogoa, Iruña, 2002. Agustina Otero y Leopoldo Ferrán, escultores, Cederna aldizkaria, 35. zk., Iruña, 2008.