1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Eslava Urra, José Antonio

Eslava Urra, José Antonio

José Antonio Eslava Urra (Iruña, 1936). Crispín Martínezen estudioan izan zuen lehen arte-ikaskuntza. 1950eko hamarkadaren hasieran, Arte eta Lanbide Eskolan matrikulatu zen, eta han, Gerardo Sacristánen irakaspenak jaso zituen; aldi berean, Javier Cigaren akademiako pintura-eskoletara joaten zen. 1954an, Madrilera joan zen Arte Ederretako Goi-mailako Eskolara ikastera. Ikasketak 1960an bukatuta, grabatuaren teknikan sakondu zuen, Luis Alegre Núñez irakaslearen eskutik. Italiako Gobernuko Kanpo Arazoetarako Ministerioak beka batemanik, 1963an Grabatu- eta Pintura-ikastaro bat hasi zuen Florentzian eta, handik bi urtera, Grabatu Pentsiodunaren postua eskuratu zuen, oposaketak gaindituta, Erromako Arte Ederretako Akademia Espainiarrean. Horri guztiorri erantsi behar zaio Europako museo nagusiak bisitatu zituela. Hirurogeiko urteetatik Iruñean finkatuta, artegintzan aritu bidenabar irakaskuntzan ere jardun zuen; horrela, bere estudioan bertan ehunka artista gazteri eman zizkien eskolak. Era berean, Adierazpen Plastikoko Katedraduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Bakarkako lehen erakusketa 1961ean egin zuenetik (García Castañón kaleko Erakustokia, Iruñeko Udal Aurrezki Kutxakoa), José Antonio Eslavak bakarkako hogeita hamar erakusketa baino gehiago egin ditu Espainia, Frantzia, Italia eta Erresuma Batuko hainbat hiritan. Halaber, taldekako makina bat erakusketatan parte hartu du Espainian, bai eta Italian, Hispanoamerikan eta Japonian ere. Haren lanak gordeak dituzten museo eta bildumen artean, Madrilgo Arte Garaikideko Museo Espainiarra, Kalkografia Nazionala, Nafarroako Museoa eta Unibertsitate Publikoa daude, bai eta Estatu Batuetako Gonzaga Galeria ere. Haren lan asko esparru publikoan daude, Nafarroako hainbat herritako kale, plaza eta lorategien apaingarri. Era berean, hainbat sari jaso ditu, hala nola Grabatuaren Sari Nazionala (1962), Pinturako Zilarrezko Domina Florentziako Nazioarteko Lehiaketan (1964), eta Hirugarren, Bigarren eta Lehen Dominak Grabatuetan Arte Ederretako Erakusketa Nazionaletan, 1962, 1966 eta 1968an hurrenez hurren.

JJAL

Informazio-iturriak:

Artista bera. La ciudad dedicará una escultura monumental a Pompeyo, Diario de Navarra, 1992ko abuztuaren 6a. El monumento a Pompeyo, para finales de año, Diario de Navarra, 1992ko azaroaren 29a. Pompeyo entre dos ciudades, Diario de Navarra, 1993ko otsailaren 7a. EZQUER, A., Arte en el campus, Diario de Noticias, 1997ko urriaren 24a. ESLAVA URRA, J.A., Eslava Urra, Iruña, Nafarroako Aurrezki Kutxa, 2002. MURUZÁBAL DEL VAL, J.M. eta MURZÁBAL DEL SOLAR, J.M., José Antonio Eslava, escultor, Pregón Siglo XXI, 26. zk., 2005, 49-55. or.