1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Elizaincín, Jesús

Elizaincín, Jesús

Jesús Elizainzín Osinaga, Iruña, 1954. Nafar hiriburuko Arte eta Lanbide Eskolan ikasketak eginik ere, bere burua autodidaktatzat jotzen du. Haren forma-errepertorioa arlo instrumentalean oinarritzen da batzuetan, eta beste batzuetan, berriz, eta nagusiki, oinarrizko geometria-formetan; zirkuluan eta kurban, batez ere. Marín Medinak ongi adierazi duen bezala, Elizainzín monumentaltasunaren zentzu sendoaz dago hornitua, eta haren lanek molde arkitektonikorantz eta handirantz jotzen dute (Cromlech Ikusten/Mirando el cromlech sorta 1992). Haren obrak beti ezaugarri izan du, batetik, jatorrizko izaera, eta bestetik, keinu adierazkorrak erabili behar izatea nagusiki geometrikoa den eta are joera minimalistak ere badituen hizkuntza baten barruan (Barruko Hutsarteak sorta, 1991). Artistaren prozesuaren bidez, bokazio bikoitza jarri da agerian: espazioa eta argitasuna baloratzea bai pieza bakoitzaren barruan bai haren proiekzioan. Logikoa denez, ingurune ireki batean ageri da haren eskultura indar handienarekin, aireari askatasunez aurre egin dion tokian. Horrela, aireko eskulturak muntatu ditu Guliako Basoan eta Saratsan (Nafarroan), eta harena ere bada egun Gagesko kondearen parkean dagoena, Iruñean. Bakarkako erakusketetan Iruñeko hauek dira nabarmentzekoak (Rodezno Kondearen Erakustokia, 1981; Pintzel Galeria, 1987; Nafarroako Aurrezki Kutxako Kultur Aretoa, 1989; eta Udal Erakustokia, 1991), eta Valentziako Ibercajan Cromlech Ikusten sorta, 1992an aurkeztu zuena, eta handik urtebetera, Iruñeko Ziudadelako Bolborategira eraman zuena. Finalista izan da Chamberíko II. Eskultura Lehiaketa publikoan (Madril) eta Barbastroko I. Eskultura Lehiaketa publikoan (Huesca). Haren lan batzuk San Frantziskoko (Kalifornia) Arte Garaikide Espainiarraren Museoan daude.

FJZC

Informazio-iturriak:

Elizainzin. Barruko Hutsarteak. Iruña, Iruñeko Udala, 1991. Cromlech ikusten Jesús Elizainzin. Valentzia, Ibercaja, 1992.