1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Díaz de Cerio, Alfredo

Díaz de Cerio, Alfredo

Alfredo Díaz de Cerio Martínez de Espronceda, Mendabia, 1941-Iruña, 2008. Prestakuntzaz autodidakta, 1962an piztu zitzaion pinturarekiko interesa. Handik lau urtera, Suitzara joan zen enpresa kimiko batean lan egiteko (1966-1967). Inguruko herrialdeetara noizbehinka bidaiaturik, Vermeer de Delft, Van Gogh, Kandinsky eta Kokoschka artisten pintura ezagutu zuen, bai eta une hartako pintura alemaniarra ere. Era berean, Margarethe Liebau Kornemann pintorea, kutsu espresionistako egilea, ezagutu zuen. Aita Kunibert beneditarrak antolatu zizkion lehen erakusketak Brilon Stadt-eko Udaletxean (1971), eta hark ere jarri zuen Dureroren lanekin harremanetan; aita beneditarra, gainera, lehena izan zen hautematen Díaz de Ceriori zerion barne-munduaren indarra, zeina bertsoetan eta kolorearen indar adierazkorrean agertzen baitzen. 1974ko bukaeran Espainiara itzuli eta bi urtez lan egin zuen zeramikazko estalduretan espezializatua zegoen Zaragozako Muresa enpresan. Ángel Orensanz eskultorearen laguntzailea izan zen, eta haren bidez, eskultura-formen egituran, hutsartean eta flexioan barneratu zen (modelatu zoomorfikoak buztinean). 1976an Iruñera bizitzera joan zen. Alemanian artistaren ondorengo estilo-orientazioak sortu ziren: tonu sendoko postinpresionismoa, eta Ernst eta Klee artisten eragina jasotako kubo-surrealismoa, 1970eko hamarkadan; surrealismoa, forma organikoen irudikapenen bidez, Dalí eta Tanguyren modu bisionarioan; italiar erako eraikuntza metafisikoak, oso espresionismo abstraktua, esanahi misteriotsu eta erlijiosoa duena, behe-erliebean egindako pintura baten bitartez moldatua, zeinari, gainera, metalak ere erantsi baitzizkion 80ko hamarkadan; errealismo handia, haren aurreko pintura metafisikoan jada iragarria, baina Antonio Lópezen erreferentzia handia duena, 1990eko hamarkadan. Sormenerako erakutsi duen bizitasunak bultzaturik, tintak, akuarelak eta marrazkiak ere egin ditu, eta ilustrazioaz nahiz kartelgintzaz ere interesatu da. Bost poesia-liburu argitaratu eta sari asko jaso ditu olerkigintzan (Luis Rosales eta Vicente Aleixandre sariak). Pintore gisa, urrezko bi domina jaso ditu Rheinfeldenen (Arte Espainiarraren II. Erakusketa, 1972) eta Baselen (1972). Bakarkako berrogeita hamar erakusketa egin ditu eta taldekako beste horrenbeste Espainian eta Erdialdeko Europan; besteak beste, antologikoak Nafarroako Museoan (1994) eta Iruñean ere baden Uno2Tres Galerian (2007).

FJZC

Informazio-iturriak:

Artista bera. BUENDÍA, R. Arte, en Tierras de España, Madril, Juan March Fundazioa-Noguer argitaletxea, 1988, 315. or. HSIEH, Y.Y. Vida y obra artística de Alfredo Díaz de Cerio, Iruña, Nafarroako Unibertsitatea. Master-tesia. Arte Liberalen Institutua, 2001. ZUBIAUR CARREÑO, F.J. Expresión plástica de un mundo interior, in A. Díaz de Cerio. Murtzia, New Style Art Internacional, SL, 2007, 11. or.