1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. de Vera, José María

de Vera, José María

Aita José María de Vera (Alfonso Ramón y Uribe) Almeriako Vera herrian jaio zen, 1912an. Kataluniako Probintzia Kaputxinoko kide izan zen eta bizitzako zati handiena Bartzelonan eman zuen; hor jaso zuen, hain zuzen, prestakuntza artistikoa, bai eta irakaskuntzan aritu eta pintura zein, batez ere, eskultura landu ere. Autodidakta izan zen eskultura-diziplinan, baina osagarri gisara Josep Clarà eta Manuel Hugué maisuen irakaspenak jaso zituen; bi eskultore horiek Kataluniako Novecentismo ildoaren ordezkari nabarmenak izan ziren, XX. mendearen hasieran. Haren lan gehienak erlijio-lanak dira, non izaera bere-berea agertzen baita, eta, nagusiki, Andaluzian eta Katalunian daude. Erkidego horietatik kanpo, Aita Esteban Adoaingoaren omenez Iruñean egindako monumentuaz gain, Aita Donostiaren busto bikain bat ere egin zuen Lekarozko Ikastetxean paratzeko. Prozesioetako pausoak ditugu haren lan garrantzitsuenetako batzuk; hiru Vera jaioterriko pausoak dira, eta beste bat, Tarragonako Ecce Homo irudia. Horiekin batera beste lan batzuk ere dira aipatzekoak, hala nola Jasokundeko Ama Birjinaren tamaina handiko multzoa Falseten (Tarragona); Montroigeko aldare nagusiko aingerua, altzifrezko zuran egindakoa; Canonjako Kristoa, San Pablo, Jesusen Bihotza eta Andre Maria Nahigabetua, guztiak ere Tarragonako elizetan eta artzapezpikutzako kaperan. Horrez gain, erretratu, erliebe (Alabaredako iturria, Santes Creus monasterioko barrutian) eta friso asko gehitu behar dira (Tarragonako Ogasun Eraikina), eta jaiotzako irudi asko ere -bigarren mailako arte gisara-, Kataluniako jaiotzagintzaren edergarri.

JJAL

Informazio-iturriak:

En los PP Capuchinos de extramuros. Exaltación en memoria del siervo de Dios, P. Adoain, Diario de Navarra, 1947ko urriaren 14aInauguración del monumento al P. Esteban de Adoain, Nafarroa-Aragoiko Probintzia Kaputxinoko Buletin Ofizialaren II. lib. , 11. zk., 1947ko azaroa, 165-167. or.