1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Coullaut Valera, Lorenzo

Coullaut Valera, Lorenzo

Lorenzo Coullaut Valera (Marchena, Sevilla, 1876-Madril, 1932) Louis Alfred Coullaut Boudeville frantses ingeniariaren semea izan zen; aita Andaluziako herri horretara joan zen bizitzera Mamedrako trenbide-zubia eraikitzearen karira. Gaztetan Frantzian bizi izan zen eta Nantesen ingeniaritza ikasi zuen. 1893an Espainiara itzuli eta gero, eskulturak erakarri zuen eta, hasierako prestakuntza Antonio Susillo sevillar eskultorearen lantegian jaso zuen; bere maisua 1896an hil ondoren, Madrilera jo eta, han, Agustín Querolen irakaspenak jaso zituen. Juan Valera osaba kordobarrak ere lagundu zion; hura XIX. mendeko idazle espainiar bikainetako bat izan zen. Ilobak osabaren busto bat egin zuen, Arte Ederretako Erakusketa Nazionalean 1897an aurkeztu eta Ohorezko Domina bat jaso zuen. Coullaut Valera eskultore espainiarrik adierazgarrienetako bat izan zen Alfontso XIII.aren erregealdian, Arte Ederretako Erakusketa Nazionaletan behin eta berriz eskuratutako sariek erakusten duten bezala. Halaber, Bartzelonako Erakusketa Unibertsalean parte hartu zuen (1929) eta, aldi berean, hainbat garaipen egin zituen urte bereko Sevillako Erakusketa Iberoamerikarrerako, Amerikako plazako zutabeetan paratze aldera. Bereziki monumentu publikoak landu bazituen ere, bere talentuak eskultore-genero guztietan aritzea ahalbidetu zion: erliebe-erretratua, erlijio-irudigintza, hileta-eskultura eta beste. Horrez gain, marrazkilari bikaina izan zen, eta besteak beste, La Ilustración Española y Americana eta Blanco y Negro argitalpenetan aritu zen. Bere lanak hainbat museo eta bildumatan daude, baina era berean, Lorenzo Coullaut Valerak eskultura publiko asko egin zituen, eta Espainiako nahiz Hispanoamerikako hainbat hiritan kokaturik daude.

JJAL

Informazio-iturriak:

Iruñeko Udal Agiritegia. ALTADILL, J., Los monumentos a Navarro-Villoslada y Sarasate. El mausoleo de Gayarre, Nafarroako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordearen Buletina, 9. liburukia, 36. zk., 1918, 265-69. or. El monumento a Navarro Villoslada, Diario de Navarra, 1918ko ekainaren 14a. Centenario de Francisco Navarro Villoslada. Homenaje al insigne literato, Diario de Navarra, 1918ko irailaren 27a. RAMÓN RAMOS, A. eta LUQUE RUIZ, F., Lorenzo Coullaut Valera: conmemoración del CXX aniversario de su nacimiento, Marchena, Marchenako Udala, 1996. ÁLVAREZ CRUZ, J.M., El monumento a Francisco Navarro Villoslada en Pamplona, Camón Aznar Museo eta Institutuko Buletina, 99. zk., 2007, 7-42. or.