1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Ciriza, Carlos

Ciriza, Carlos

Jesús Carlos Ciriza Vega, Carlos Ciriza, Lizarra, 1964. Autodidakta da prestakuntzaz. Haren lanen alderdi piktorikoa alde batera utzita, zeina etengabe bilakatzen ari baita 1985az geroztik, eskulturan bere landa-jatorriei zaie fidel, bi eragin jasota: familiaren zerrategia, eta nekazaritza. Zerrategiak zurarekin, burdinarekin, tresnekin eta teknikekin batera aritzeko aukera ematen dio, zertarako eta horiek mendean hartzeko; eta nekazaritzako tresna tradizionalen bidez, berriz, mekanismo-zati aprobetxagarriak lortu eta arte bihurtuko ditu, erabilera sinboliko baten bidez, zeinak gure artista eskulto-pinturara bideratuko baituen. Ondotik, bi eskultura-modalitate landu zituen: bata, forma sendoko modalitate arrazionalista, Chillidaren erara, eta bestea, berriz, airekoa, ingeniaritza-itxura handiagoa duena. Cirizak lehena aukeratu eta bere pinturan gai gisara txertatu zuen. Gaur egun, Cirizaren eskultura kubismo eskematiko baten barruan dago, eta erabat egiten dio kontra Brancusiren estilo biribildu eta distiratsuari; lotua dago, gainera, Julio González, Martín Chirino eta Henri Mooreren pentsamenduari. Formatu handiko eskulturetan espezializatu da; korten altzairuz egiten ditu eta leku publikoetan nahiz pribatuetan jartzen ditu, hiri- eta natura-inguruneak arkitekturan txertatzea xede hartuta. Horietako batzuk aipatuko ditugu: Pentsamenduen lekua (1997), Nafarroako Unibertsitate Publikoko campusean, Iruñean; Stella (2001), Lizarran; eta Basajaun (2001), Sunbillan. Baditu obrak beste hainbat tokitan ere, hala nola Alemanian, Austrian, Kanadan, Eslovenian, Frantzian, Japonian… Edota Nafarroako Museoan, Ondare Nazionalean, Nafarroako Parlamentuan, Iruñeko Udaletxean, Nafarroako Unibertsitatean, Nafarroako Kutxan eta banku-erakunde askotan, besteak beste New Yorkeko Merrill Lynch Bank bankuan. Bakarkako erakusketak: Rodezno Kondearen Erakustokia, Iruñeko Udal Aurrezki Kutxa, Iruña (1984); Nantes, Frantzia (1987); Helene Rooryck Galeria, Iruña (1995); Gustavo de Maeztu Museoa (Lizarra), Historisches Rathaus, Paderborn, Alemania (2000); Pablo del Barco Faktoria, Sevilla; Siglo XXI Aretoa, Huelvako Museoa; Juan Bravo, CAN, Madril (2001); Aire zabaleko erakusketa, Bordele (Frantzia), eta Velázquez Galeria, Valladolid, 2002; Aire zabaleko erakusketa, Yamaguchi parkea, Iruña; Arco de Santa María, Burgos; Bulebarreko 0 Aretoa, Donostia (2003); Lille (Frantzia); Gante (Belgika); Carlos Ciriza Galeria, Iruña (2004); Gaudí Arte Galeria, Madril (2005); eta West Hollywoodeko Ambrogi Castanier Gallery, Los Angeles, Kalifornia (2007). Eskulturako lehen saria eskuratu zuen Gazteendako Arte Plastikoen Lehiaketan (Nafarroako Gobernua, 1986) eta Vermeil izeneko Diploma eta Domina (Parisko Société Académique des Arts, Sciences et Lettres, 2003).

FJZC

Informazio-iturriak:

Artista bera. AREOPAGITA, C.-MESA, R. Ciriza. Latidos desde el fondo de la Tierra. Zaragoza, 1993. CATALÁN, C, eta beste batzuk. Volúmenes y espacios de Carlos Ciriza. Iruña, 1995. Paisaje con figuras. 39 escultores navarros exponen sus obras al aire libre, Diario de Navarra, 1996ko uztailaren 8a. ZUBIAUR, J, eta beste batzuk. Carlos Ciriza. Pintura-escultura, 1979-1999. Iruña, Nafarroako Gobernua-CAN, 1999. ZAPATER, J, eta beste batzuk. Carlos Ciriza. Espacios de color y volumen. Lizarra, Gustavo de Maeztu Museoa, 2000. URRICELQUI PACHO, I. eta beste batzuk. Ciriza. Murcia, Godoy, 2000. La provincia capuchina de Navarra celebra su primer centenario, Diario de Navarra, 2000ko maiatzaren 31. La provincia capuchina de Navarra celebra sus cien años de existencia, Diario de Noticias, 2000ko ekainaren 1a. Un homenaje taurino de Ciriza se une a las esculturas que rodean la plaza de toros, Diario de Navarra, 2000ko ekainaren 27a. GARCÍA GAINZA, M.C.-MARTÍNEZ DE LAHIDALGA, R. Carlos Ciriza. Comunicación entre formas. Iruña/Murtzia, Iruñeko Udala/Godoy, 2002. QUINTANILLA MARTÍNEZ, E.-MONTOLIO SALVADOR, J. Carlos Ciriza in focus. Murcia, Godoy, 2003. MARTINEZ DE LAHIDALGA, R. Carlos Ciriza. Espacios de luz, 2004. ZUBIAUR, J, eta beste batzuk. Carlos Ciriza. Donostia, Kutxa, 2003; VUILLERMOZ, M. Ciriza. Construcción de espacios y puntos de encuentro. Murtzia, Jiménez Godoy, 2007; http://www.carlosciriza.com/