1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Cilveti Echeverría, Concha

Cilveti Echeverría, Concha

Emakume nafar honek arlo askotan egin ditu lanak, hala nola dantzan, musikan, marrazketan, eskulturan eta modelatuan, eta azkenean, zeramikan gelditu da. Concha Cilveti Zeramikan graduatua da eta sari asko jaso ditu bere ibilbidean; besteak beste, Alcorcón Hiria V. Edizio Nazionala 1986an, Zarauzko Zeramika Artistikoaren Nazioarteko Lehiaketa (Gipuzkoa) edota Iruñeko Diseinu Saria 1994an. Iruñean bertan, Zugarrondo zeramika-lantegiko zuzendaria da, eta bertan dihardu lanean bere kolaboratzaile Patxi Aldunate eta José Luis Lópezekin. Concha Cilvetik portzelanarekin lan egiten du beti -1.280 gradutan-, eta erregogorrekin. Aralar, Irati eta Urbasako oihan hostotsu eta sarriak ditu bereziki inspirazio-iturri. Ideia, idealista naizen aldetik, datuak eta ametsak jasotzea da. Nire ingurunea zait inspirazio-iturri, laburbildu du artistak, zeinak eraikitzea eta deseraikitzea baitu gustuko, ohiko ariketa baten gisara. Sormen-lanetan zuri-beltzaren aldeko apustua egiten duela dio, kolorearen eta ukiaren soiltasunaren alde. Sakon aztertu du euskal zeramika eta maisua da labearen arteetan. Artegintzan, etengabe aritu da zeramikaren aukera izugarriak aztertzen, zeramika arte nagusiaren mailara igotzeko asmoz, ez baita bigarren mailakoa, batzuk iritzi horretakoak direla iduri duen gisan. Iruñean, Gasteizen, Bartzelonan, Gijonen, Bruselan eta bestetan jarri ditu bere lanak ikusgai. Bereziki da nabarmentzekoa Ziudadelako Labean 1997an egin zuen instalazioa. 2004an Erriberriko Errege Erreginen jauregian egin zuen erakusketa, Cultur programaren barruan. 2009ko irailean, Centro Cultural Caja Rioja-Gran Vía zentroan egin zuen zeramikazko eskultura-lanen erakusketa, Oroipenak izenburupean. Haren eskultura publiko batzuk Iruñeko Yamaguchi parkean eta Zarauzko San Luis parkean daude; azken horren izenburua Apoyo en La da eta 1986an egin zuen.

JMMS

Informazio-iturriak:

ROJO, M. A., Evoca que algo queda, El Correo, 2009ko irailaren 21a.