1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Carretero, Eduardo

Carretero, Eduardo

XX. mendeko eskultorerik onenetakotzat joa, Eduardo Carretero (Granada, 1920) bere jaioterrian lotu zitzaion artea ikasteari. Udalak pentsio bat eman zion 1946an eta Granadako Unibertsitateak, sari bat, Elisabet Katolikoa Ikastetxe Nagusiko eskulturak egiteko lehiaketan. Halaber, parte hartu zuen 1941eko I. Arte Bienal Hispanoamerikarrean. Geroago, Madrilgo Ateneoan erakutsi zituen bere lanak, eta 1955ean, hiri bereko Tau Aretoan jarri zituen ikusgai. Bere adiskide Antonio Rodríguez Valdivieso pintorearen urratsei jarraikiz, eskultorea Madrilera bizitzera joan, eta harreman handia egin zuen José Guerrero, Manuel Rivera eta Bernardo Olmedo artista granadarrekin, bai eta Jorge Oteiza gipuzkoarrarekin ere. Aldi berean, arkitekturan txertaturiko eskultura-enkarguak lantzeari ekin zion, eta arlo horretan utzi ditu bere lan adierazgarrienak; horrek eraginda, gainera, garai hartako arkitektoekin aritu zen lankidetzan, hala nola José Tamés eta Fernando Cavestanyrekin, edo Miguel Gortari iruindarrarekin Iruñeko Xabierko San Frantzisko parrokian. Ibilbide luzearen azken urteetan, Carretero Madrilgo Chinchón herrira joan zen bizitzera, Colmenarreko harrobietatik kilometro gutxira, nondik eskultura-lanetarako materiala hartzen baitzuen. Haren eskulturak Espainiako hiri askotan daude sakabanatuta, eta lan batzuk ere bilduma partikular nabarmenetan jasota daude. Jasotako sarien artean, nabarmentzekoa da Granadako Arte Ederretako Errege Akademiak 2004an eman zion Ohorezko Domina, eta 2009an, Akademiak ohorezko kide egin zuen.

JJAL

Informazio-iturriak:

Iruñeko Udal Agiritegia.Un proyecto de monumento al inmortal artista pamplonés Pablo Sarasate, Diario de Navarra, 1952ko uztailaren 16a.Inauguración del Monumento a Sarasate, Diario de Navarra, 1959ko apirilaren 26a.El pueblo pamplonés participó con gran entusiasmo en la inauguración del monumento a D. Pablo Sarasate, Diario de Navarra, 1959ko apirilaren 28a.MORENO, A., Carretero Ferre, Cuadernos de Arte, Madrilgo Ateneoa, 58. zk., Madril, Ateneoa, 1960.ARÓSTEGUI MEGÍAS, A. eta LÓPEZ RUIZ, J., 60 años de arte granadino, Granada, 1974.PÉREZ OLLO, F., Sarasate, Iruña, Nafarroako Gobernua, 1980.