1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Boutens van Uden, Henriette

Boutens van Uden, Henriette

Henriette Boutens van Uden eskultore espainiarra jatorriz holandarra da, 1947an Nijmegen hirian jaioa, eta 1962an hasi zen Arte Batxilergoa Bruselan ikasten. Bredako Sin Joost Arte Akademian jarraitu zuen ikasten, eta aldi berean, Italian barna ibili zen, non Milan, Erroma, Venezia eta Florentziako akademiak eta goi-mailako arte-eskolak bisitatu baitzituen. Halaber, Marino Marini eta Giacomo Manzú eskultore ospetsuen Milango lantegian onartu zuten. 1968an, Parisko Arte Ederretako Goi-mailako Eskola Nazionalean sartzeko azterketa egin zuen, eta han, Leygue, Chapelin-Midy, Robert Couturier eta César izan zituen irakasle. Frantziako hiriburuan bere senarra izanen zena ezagutu zuen, nafar jatorrikoa; harekin 1970ean ezkondu ondoren, Iruñean finkatu zen. Hemen modelatu eta diseinuko irakasle hasi zen Arte Aplikatuen eta Lanbide Artistikoen Eskolan; bertan, Isabel Baquedano, Patxi Biurrun eta Ángel Bados ezagutu zituen. Halaber, institutuko katedra eskuratu, eta arte plastikoak irakasten aritu zen Ximénez de Rada eta Basoko institutuetan. Aldi berean, ikerketa-aldi luzeari ekin zion, harik eta 1989an Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean Arte Ederretako doktoretza lortu zuen arte. Boutens 1968an hasi zen erakusketak egiten, hala Espainian nola Frantzian, Belgikan eta Holandan. 1977an bakarkako lehen erakusketa egin zuen Nafarroako Aurrezki Kutxako Kultur Aretoan (Iruña) eta, ondotik, Espainiako nahiz Europako beste hiri batzuetan, hala nola Paris, Gante, Haga, Ginebra, Ferrara eta Stockholmen. Taldeka egindako erakusketen artean, nabarmentzekoak dira Parisko Udaletxean egindakoa (Distrito 6, 1970), 23 Artista Nafar (Doncel Aretoa,Iruña, 1973) eta Iruña Hiria (1976). Haren lan batzuk Frantziako, Herbehereetako eta Espainiako bilduma publiko zein partikularretan jaso dira. Jaso dituen sarien artean, nabarmentzekoak dira Cosme Saria (Ferrara, 2005), Gran Prix Michelangelo Buonarroti saria (Florentzia, 2005) eta Art Howard 2005 hirugarren saria (Ferrara, 2005).

JJAL

Informazio-iturriak:

Eskultoreak Nafarroako Unibertsitate Publikoko campusean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kultur Koordinazioa, 1998.Zenbaiten Artean, Quién y por qué. Anales de las Artes Plásticas en el Siglo XX: 2000. urtea, Madril, Arte y Patrimonio, 2001.P.S., Henriette Boutens. Escultora holandesa afincada en Pamplona, Diario de Navarra, 2001eko ekainaren 14a. Una familia de bronce, Diario de Navarra, 2002ko ekainaren 1a. MONREAL, J.Á. eta MORALES DE ÁLAVA, T., Entrevista a Henriette Boutens, escultora y profesora de dibujo, La familia, protagonista. Familiaren Biltzar Orokorra. Iruña, 2002ko maiatza, Iruña, Nafarroako Kutxa Fundazioa, 2003, 573-578. or. GARCÍA, C., BOUTENS, H. eta LABIANO, D., Henriette Boutens Van Uden, Empatía, Iruña, Beatas argitaletxea, 2009.