1. Hasiera
  2. Eskultoreak
  3. Basterretxea, Néstor

Basterretxea, Nestor

Bermeon jaio zen, 1924ko maiatzaren 6an, eta Frantzia aldean hasi zen pinturan. Espainiako Gerra Zibilaren garaian, Donibane Lohizunen, Parisen eta Aix-en-Provencen bizi izan zen erbesteraturik, harik eta 1941ean Argentinara itsasontziz joan zen arte, non Buenos Airesen finkatu baitzen, 1942an. Prestakuntza autodidakta izan ondoren, publizitate-marrazketan hasi eta lehen erakusketak egin zituen. 1952an Espainiara itzuli, Madrilen finkatu eta, lehiaketa bidez, Arantzazuko basilikako kriptako horma-pinturak egitea lortu zuen. Dena den, horma-pinturak debekatu eta ezabatu ziren, elizako agintarien gustukoak ez izateagatik. Arte-proposamen berritzaileetan parte hartu zuen; horrela, Equipo 57 sortu zuen beste batzuekin batera, eta Jorge Oteizarekin batera Bartzelonako Equipo Forma taldean aritu zen. GAUR Arte Taldean parte hartu zuen, besteak beste Oteiza, Ruiz Balerdi, Mendiburu eta Chillidarekin batera. Gaur Taldea manifestu estetiko baten gisara baino manifestu politiko baten gisara jaio zen. Antzinako euskal eskola indarberritzeko deia egin zuen, bai eta ingurunean sortzen ziren artista gazteekin berritzeko deia ere, gazteek ez baitzuten ahotsik garai hartako giro intelektualean. Ondotik, Euskal Herrira itzuli eta lantegia Hondarribiko baserri batean jarri zuen. Euskal kulturaren aldeko konpromisoak bultzaturik, eszenografiak egin zituen (Saski Naski), film laburrak (Pelotari eta Alquezar) eta film luzeak (Ama Lur) zuzendu zituen eta, era berean, bere lanaren zati handi bat eskulturari eskaini zion, 1959tik aurrera. Berrogeita hamar urte eman ditu jada eskulturan eta, gaur egun, Espainiako eskulturaren egile nagusienetako bat da, eta nazioartean ere izen handia du. 1973an, Euskal kosmogonia erakusketa aurkeztu zuen Bilboko Arte Ederretako Museoan, Donostiako San Telmo Museoan eta Iruñeko Ziudadelan. Handik aurrera, ezin konta ahala erakusketa egin zituen, eta haien artean nabarmentzekoa da, batetik, 1987ko Erakusketa antologikoa, Madrilgo Arte Garaikideko Museo Espainiarrean apailatua, eta, bestetik, Basterretxea: antologia, 1996an Gasteizko Montehermoso Kulturunean egina. 1971n, lehen saria eskuratu zuen Donostiako II. Eskultura Bienalean. San Fernando Arte Ederretako Errege Akademiako kidea da eta, denbora labur batean, Eusko Jaurlaritzako Kultura kontseilaria izan zen. Halaber, Bermeoko seme kuttuna da. Eskultura publikoaz kezkaturiko artista izan da eta lanak Euskal Herriko toki askotan jarri ditu.

JMMS

Informazio-iturriak:

GÓMEZ, S., Un rito celta abrirá a medianoche los Encuentros sobre Brujología, Diario de Noticias, 1986ko irailaren 24a.MARTÍN CRUZ, S., Exposiciones de Goya y Basterretxea en los Encuentros de Brujología, Diario de Navarra, 1986ko azaroaren 7a.ARTAMENDI MUGUERZA, J. A., El arte de Néstor Basterretxea Arzadun, in Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria., 31. zk. Donostia, Eusko Ikaskuntza, 1986. Nueva escultura en la Ciudadela, Diario de Navarra, 1987ko martxoaren 10a. ALVAREZ MARTINEZ, Mª S., Basterretxea y Ugarte en la escultura vasca de vanguardia, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Buletina. 48. liburukia (II-IV). 1992.MUEZ, M., Basterretxea muestra su obra en Pamplona mientras ultima una escultura para la UPNA, El País, 2003ko apirilaren 9a.Una obra de Néstor Basterretxea engrosa el patrimonio artístico de la UPNA, Diario de Navarra, 2003ko ekainaren 12a